Krisialdiari aurre egiteko "armarik eraginkorrena" burujabetza dela dio EAk

Botoa eskatzeko "berme" gisa erabili du Unai Ziarretak EAk azken legealdian Eusko Jaurlaritzan eginiko lana. "Kudeatzaile onak garela berretsi dugu, erakundeetan lan egiteko gai garela eta lan hori gardentasunez egiten dugula", esan du Joseba Azkarraga Jaurlaritzako sailburuak.

2009ko otsailaren 14a
09:37
Entzun
Burujabetza da «bide bakarra» Unai Ziarretaren aburuz, euskal gizartearen ongizate maila hobetzeko eta Espainiak zein Frantziak Euskal Herriari «ukatzen» dioten nazio aitorpena lortzeko. «Autonomismora bueltatzea, gure herriak duen arazo handienaren konponketari uko egitea da». Burujabetza eta «justizia soziala» lortzea izango dira EAren etorkizuneko erronkak, EAko lehendakarigaiak atzo Donostiako Kursaal Jauregian azpimarratu zuenez. «Gure autogobernuaren garapena ukatzeko [Espainiako] Estatuak jartzen dituen muga guztiak eraisteko beharra berresten dugu». Hauteskunde kanpainako lehen ekitaldi publikoan, Ziarretak argi utzi nahi izan zuen hauteskundeez haratago eginiko proposamena dela EArena; «aurrerantzean ere» aldarrikapen subiranistari eutsiko diola ziurtatu zuen.

Bidaia horretan parte hartu nahi duten kideez inguratuta aurkeztu zen atzo Ziarreta komunikabideen aurrean. Bertan ziren EAko sailburuak eta instituzioetan aritutako teknikariak. Power point baten bidez EAk azken lau urteetan Eusko Jaurlaritzan sailburu ezberdinetan eginiko lanaren errepasoa egin zuten, gaztelaniaz bereziki. Ekitaldiaren seriotasunari erreparatuta, erakunde publikoen kudeaketan EA «profesionaltasunez» aritzen dela agertzea asmo zutela agerikoa zen. «Gauzak ondo egiteko ez dira beharrezkoak 30 legebiltzarkide eta bederatzi sail. Aurrerantzean ere eraginkorrak izaten jarraituko dugu», adierazi zuen Ziarretak.

Zortzi urtez Jaurlaritzan

Ziarretarekin batera, EAren hauteskunde kanpainako lehen ekitaldi politikoan izan ziren azken legealdian Eusko Jaurlaritzako sailburu izandako Joseba Azkarraga (Justizia eta Lana), Esther Larrañaga (Ingurugiroa) eta Tontxu Campos (Hezkunza) eta Gipuzkoako zerrendaburu Jesus Mari Larrazabal, besteak beste. Herritarrei boza eskatzeko orduan, instituzioak kudeatzeko orduan EAk erakutsi duen «gardentasuna eta eraginkortasuna» jarri zuen «berme» gisa Ziarretak.

Joseba Azkarraga Justizia eta Lan sailburuak egin zuen azken legealdiaren balantzea. Oro har «Kudeatzaile onak garela berretsi dugu, erakundeetan lan egiteko gai garela eta lan hori gardentasunez egiten dugula».

EAk kudeatutako sail bakoitzaren «lorpenak» zerrendatu zituen Azkarragak. Hezkuntza arloan, euskal hezkuntza publikoa «sendotzeko» bidean lan handia egin dutela nabarmendu zuen. Lan Heziketa, unibertsitate eta ikerketan emandako aurrerapausoak nabarmendu zituen bereziki. Ez zuen aipatu, baina, legealdiaren amaieran hainbat ika-miken sorburu izan den hezkuntza ereduen erreforma.

Ingurumenari dagokionez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «garapen iraunkorraren» bidean daudela azpimarratu zuen. Uraren legea edo klima aldaketaren kontrako plana nabarmendu zituen. Alde batera utzi zituen abiadura handiko trenarekin, Pasaiako portuarekin edo bestelako azpiegitura handiekin egondako eztabaidak. Eta justiziari dagokionez, «giza eskubide guztiak» errespetatuak izan daitezen Jaurlaritzak urrats garrantzitsuak egin dituela azpimarratu zuen Justizia eta Lan sailburuak.

Ziarretak, halaber, transferitu gabe Espainiako Gobernuaren esku jarraitzen duten eskuduntza guztiak aldarrikatu zituen, «horiek lortuta krisialdi ekonomikoari aurre egiteko egoera hobeagoan egongo ginateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.