Egun handia izaten ari da gaur Zumarraga-Urretxun: Santa Luzia. Azoka egin dute, eta adin guztietako jendea bildu da, asko, baina saltzaileek aurreko urteetan baino gutxiago saldu dutelako kexu azaldu dira. “Jendea badabil, baina begira, ez dute erosten”, azaldu du Fermin Goenaga saltzaileak.
Jakiak, nekazaritzako tresnak, eskulangileak eta abereak egon dira salgai, besteak beste. Oilasko, kapoi, fruta, barazki, ezti, errezil sagar, ardo eta ganadu sariketak ere izan dira.
Tenperatura hotza, baina ateri egon da behintzat goizean. Abereen ferian nabaritu dute, batez ere, krisia. Iaz baino abere gutxiago egon dira salgai; erdiak, hain zuzen.
Arratsaldean, herri kirolak, pilota partidak eta idi probak izango dira.