Krisia. Emakumeen Eguna dela-eta egindako adierazpen ofizialetan krisi hitza erabili dute gehienerakundeek, alderdiek zein sindikatuek. Egoera ekonomikoak emakumeen eskubideetan aurrera egiteko borrokan eragin ditzakeen atzerapausoez ohartarazi dute zenbaitek. Krisi ekonomikoari aurre egiteko emakumeen garrantzia gogorarazi dute beste askok. Ordea, guztiek ondorioztatu dute krisiari aurre egiteko bidea berdintasunaren alde apustu egitea dela, horrek izan behar duela bidea.
Hain zuzen ere, berdintasuna«krisia» jasaten ari dela gogorarazi du EAEko ararteko Iñigo Lamarcak. «Benetako berdintasunerako eskubidea emakumeentzat egiazkoa izatetik urrun dago, oraindik bazterketa jasaten baitute zenbait eremutan». Lan mundua, etxea, kirolak eta herriko jaiak jarri ditu Lamarcak horren adibide. Gizartearen eremu askotan zer hobetu badagoela nabarmendu du arartekoak.
Aurrera egiteko zailtasunak ere zehaztu ditu. Jokaera sexistak eta matxistak sektore askotan bizirik daudela azaldu du, eta jokaera horiek haurrei ere helarazten zaizkiela gaineratu. Kezkaz ikusten du hori: «Umeei rol bereziak ematen zaizkie, emakumeak bigarren tokian jarriz.Emakumeak gizonen menpe egotea sustatzen duten rolak dira».Erakunde publikoei genero indarkeriari aurre egiteko zein hura desagerrarazteko lan egiteko eskatu die, eta hori lortzeko «koordinazioa hobetzeko» aholkatu die.
Arartekoaren eskaera horiek zenbait erakunderen adierazpenetan izan dute isla. Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak onartu duen testuak «lehentasuntzat» jo du politika feminista integralak diseinatzea eta garatzea. Politika horiek «bizitzako alor guztietan» eragina izango dutela iragarri du. Ildo beretik, foru politika guztietan genero ikuspegia txertatzea ere bultzatuko duela aurreratu du, «sistematikoki desberdintasunak errepika ez ditzaten». Besteak beste, mendekotasuna dutenen zainketarekin eta arretarekin lotura duten politiketan ahalegin berezia egingo duela aurreratu du Gipuzkoako Aldundiak.
Donostiako udalbatzak onartu duen adierazpena arartekoak proposatutakoaren ildotik doa, eta orain arteko lorpenak defendatu ezean galtzeko arriskua dagoela ohartarazi du. Berdintasun politikak «zehar lerro» gisa bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, lehentasuntzat jo du emakumeen aurkako indarkeriaren kontra lan egitea. «Genero indarkeriaren aurkako estrategia onena berdintasun eta prebentzio politikak dira».
Elkarteen lana txalotu
«Garapena, ongizatea eta bakea» lortu ahal izateko emakumeek duten garrantzia azpimarratu du Nafarroako Gobernuak. Halaber, Nafarroako gizartean emakumeen parte hartzearen alde lan egin duten elkarteen lana txalotu du. «Gizarte bidezkoago baterantz joateko erreferente bat dira elkarte horien aldarrikapenak eta eskaerak».
Horrez gain, emakumea 2008ra arteko hazkunde ekonomikoaren eragile nagusietako bat izan zela aitortu du Nafarroako Gobernuak. Hortaz, nabarmendu du ildo horretan gertatzen den diskriminazio orok «gizabanakoaren garapenari zein gizarte osoaren garapenari» kalte egiten diola. Azkenik, berdintasuna lortu ahal izateko, emakumearen parte hartzea eskatu du, bai politikan, baita gizarte alorrean ere.
Gasteizko Udalak ere mugimendu feministari babesa emateko konpromisoa agertu du, berdintasuna lortzen laguntzeko helburuarekin. Horrez gain, zenbait hitzaldi eta ekintza babestu ditu, emakumeen parte hartze «sozio-politikoa» sustatu eta elkarteen lana agerian uzteko.
Arabako Foru Aldundiak, ordea, landa eremuko emakumeen egoera ekarri du gogora Emakumeen Egunaren adierazpenean. Gogora ekarri du iaz onartu zen nekazaritza ustiapenen jabetza partekatzeko legea, eta emakumeek izan behar duten berdintasun tratuaren eredutzat jo du. «Arabako landa eremuak dituen erronkei aurre egiteko, funtsezkoa da emakumeen prestakuntza eta bultzada».
Martxoaren 8a, egunero
Euskal Herriko alderdi politiko gehienek berdintasunaren aldeko aldarriarekin bat egin dute, eta gaur arratsaldeko manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute. Bide batez, EmakumeenEguna dela-eta egindako adierazpenak urteko egun guzietan kontuan hartzeko eskatu du Geroa Baik. «Agerikoa da oraindik ere handiak direla gizonezko eta emakumezkoen arteko desberdintasun legal, ekonomiko eta sozialak», gaineratu du Nafarroako Bilduk.
Testuinguru horretan Aralarrek berdintasun politikak abiarazteko eskatu du. Emakumeen lan arloko eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen «egiazko aitorpen eraginkorra» eskatu du. Hain zuzen ere, Ezker Anitzak gogorarazi du behin-behinekotasun egoerek eskubideen eta askatasunen galera dakartela. «Kapitalismo hetero-patriarkalaren erasoaldi handienetako bat nozitzen ari gara», salatu du Amaia Agirresarobe Alternatibako bozeramaileak.
Sindikatuek bereizita egingo dituzte aldarrikapen ekitaldiak, baina arratsaldeetako manifestazioetara joateko deia egin dute. ELAk Bilbon egingo du batzarra, eta, horren ostean, manifestazioa egingo dute. LABeko emakumeak Iruñean elkartuko dira.EILASEk elkarretaratzea egingo du Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, 13:00etan, eta ESK-k ordu berean ekintza bat egingo du Donostiako Bulebarrean. CCOOren batzarra Bilbon izango da. Guztiek kezka azaldu dute krisiaren ondorioengatik.
Martxoak 8. Emakumeen Eguna
Krisiari aurre egiteko, berdintasuna
Erakundeek parekidetasuna sustatuko dutela hitzeman dute, eta alor horretan lanean ari direnen jarduna txalotuSindikatuek bereizita egingo dituzte aurten Martxoaren 8ari lotutako ekitaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu