Krisitik ateratzeko "funtsezkoa" da euskal herritarren erabakitzeko eskubidea, Ibarretxeren iritziz

EAJren hautagaiak TVEri eskainitako elkarrizketan PSOE eta PPri leporatu die ezker abertzalea legez kanporatzea, "boterera iristeko". "Gauzak konpontzeko", ezker abertzalearekin hitz egitearen alde azaldu da.

2009ko otsailaren 19a
16:35
Entzun
Krisi ekonomikotik ateratzeko "funtsezkoa" da euskal herritarren erabakitzeko eskubidea, esan du gaur Juan Jose Ibarretxe. EAJren hautagaiak Espainiako TVE kateari eskainitako elkarrizketan PSOE eta PPri leporatu die ezker abertzalea legez kanporatzea, "boterera iristeko". "Gauzak konpontzeko", ezker abertzalearekin hitz egitearen alde azaldu da.

Ibarretxeren esanetan, ez zaio uko egin behar euskal herritarrek erabakitzeko duten eskubideari, eta, hain zuzen ere, eskubide hori gauzatzeari "funtsezko" iritzi dio bere lehentasunezko helburua lortzeko, "krisitik ateratzea". "Nire lehentasun politikoa jatearen gaineko arazoak konpontzea eta krisiaren kontra borrokatzea da".

Berak bultzatu eta Eusko Legebiltzarrak babestutako galdeketa Europako Giza Eskubideen Auzitegian dagoela gogorarazi du, "hainbat alderdi politikok Estrasburgora eramana", eta auzitegiak horretaz erabakia hartuko duela azaldu du.

"Eztabadia ederra izango da. Irudikatzen duzu [elkarrizketatzaileari hitz egiten] erabakiak hartzeko ahalmena, euskal herria Europan hitz egiteko aukera egotea edo ez. Hori zoragarria da, eztabaida grinatsua".

Zentzu horretan, esan du "hemen Euskadin erabakitzea, eta ez Madrilen, aurrera egitea" dela. "Guk ez dugu euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea Madrilekin tirabiretan ibiltzeko. Hobeto bizitzeko eta krisiari aurre egiteko nahi dugu".

"Hala ere, PSE-EEk eta PPk zuzendaritza gunea, erabakitze gunea herri honetatik, Eusko Jaurlaritzatik, Euskaditik aterarazi nahi dute, Madrilera eramateko. Zilegi da, baina nik uste dut oso txarra dela hori. Hobe da hemen erabakitzea". Horiek hala, bere helburua zehaztu du Ibarretxek: "Krisitik lehenak irtetea eta gero eta gauza gehiago, politikan eta ekonomian, hemen, ez soilik martxoaren 1ean —ekainaren 3an eta 10ean baita ere— erabakitzea".

"Jendeak, hemen, Euskadin, badaki, asmatuta ala erratuta, neuk dena emango dudala herriarengatik, eta uneotan lehenbiziko lehentasuna krisiaren kontra borrokatzea da, eta krisiaren kontra borrokatzeko, hemen erabakitzea ere funtsezkoa da".

Bestalde, ETAri zuzendu zaio berriz EAJko hautagaia, eta beste behin exijitu dio "gure bizitzetatik" atera dadila, "euskal herriko seme-alabak erailtzen ari delako, eta modu horretan herriaren kontra ekiten duelako".

"ETAk dena dauka bere jopuntuan, berdin dio autobide bat izatea, errausketa planta bat edo AHT Abiadura Handiko Trena", argudiatu du Ibarretxek. "Irrazionaltasun gorena da, absolutua, erabatekoa". Haren hitzetan, "AHTa etorkizuna" da: "Euskadiko hiru hiriburuak lotuko ditu, eta hauek Europako hiriekin. Egia bihurtuko dugun ametsa da".

Larunbateko manifetazio debekatua eta istiluak

Joan den larunbatean Bilbon izandako gertaerak ere izan ditu hizpide jarduneko lehendakariak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz Ertzaintzak D3Mren aldeko manifestazioa indarrez galarazi ondoren piztutako istiluak gogor kritikatu ditu Ibarretxek. "Argi dago euskal herria eta euskal gazteria ordezkatzen ez duen gutxiengoa dela".

"Hau ez da larunbatekoa soilik, oso aspaldikoa baizik, baina apurtzea, suntsitzea, ez da pertsonen bidea, are gutxiago bonbak jartzea, are gutxiago erailtzea, are gutxiago hiltzea", azaldu du, haserre.

Ezker abertzale historikoari lehen aldiz galarazi diote Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza izatea, eta ausentzia horrek bizitza politikoa asko aldatuko duen galdetuta, ezezko erantzuna eman du Ibarretxek: "Ez, zeren eta ezker abertzalea harekin gauzak konpontzeko hitz egin behar den mugimendu politikoa da oraindik; izan ere, [Espainiako Gobernuko presidente] Zapaterok berak ETArekin hitz egin zuen Madrilgo [Barajas aireportuko] T-4ko atentatuaren ostean".

"Batasuna instituzioetan egotea edo ez, kalkulu politikoaz, kalkulagailuaz, hartutako erabakia da, PPk eta PSE-EEk beti egin izan dutenari jarraiki. Orain zergatik ez edo zergatik bai, soil-soilik kalkulo politikoagatik".

Ildo horretan, EAJko hautagaia konbentzituta agertu da PSE-EEk eta PPk jakin badakitela "inoiz ez luketeela herri honetan gehiengo absolutua lortuko, alderdi guztiak lehian egongo balira, eta, sinpleki esanda, ezker abertzalearen legez kanporatzea aprobetxatu nahi dute boterera heltzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.