Patronalaren “blokeo jarreraren aurrean”, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kristau Eskolek eta IZEA taldeko itunpeko ikastetxeetako sindikatu guztiek protestak deitu dituzte. 9.000 langile inguru ari dira sektorean, eta ikastetxe itunduen %70 osatzen dute.
Hurrengo astean abiatuko dituzte protestak. Abenduaren 13an elkarretaratzea egingo dute 12:00etan Bilbon, Indautxuko Jesuiten ikastetxearen aurrean. 19an berriz, elkarretaratzeak deitu dituzte 17:30etan Bilbon Indautxu plazan, Donostian Kristau Eskolen egoitzaren aurrean eta Gasteizen Marianistas ikastetxearen aurrean.
ELAk, Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk osatzen duten plataforma bateratuak salatu du, 8 urte eta 36 negoziazio mahairen ostean, patronalek ez dutela sindikatuen eskaerei erantzun. Horren aurrean plataformatik adierazi dute, “aukera bakarra” mahaia hautsi eta mobilizazio fase berri bat hastea dela. Sindikatuek, egun indarrean dagoen 2008-09ko lan hitzarmena berritzeko bost aldarrikapen nagusi mahaigaineratu dituzte: ordu osagarriak modu egokian antolatzea eta erabiltzea, 2009tik galdutako %12ko eros ahalmena berreskuratzea, heziketa bereziko eta haur hezkuntzako lehen zikloko irakasleen aitorpena eta matrikulazio beherakadak sor ditzakeen kaleratzeak ekiditea edo berbideratzea.
Sindikatuek adierazi dutenez, patronalek eskaerei erantzun ezean, datorren urtarrilean mobilizazioak areagotuko dituzte, eta grebara deitu dezaketela iragarri dute.