Kristau Eskoletan eta IZEA elkartean bildutako eskoletan ezin da Espainiako lan hitzarmena ezarri, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera. Lan itunarekin gatazka dute ikastetxe horietan. Aurreko itunaren indarraldia agortua dago jada, eta berria egiteko negoziazioak ez aurrera ez atzera daude. Egoera horretan, Espainiako hitzarmenera jotzeko asmoa agertu zuen patronalak, eta sindikatuek auzitara jo zuten. Kontua da aurreko itunean sinatu zutela beste akordio bat egin arte aurreko hitzarmenak segituko zuela indarrean.
ELAk jakinarazi du auzitegiak arrazoi eman diela, eta "legez kanpokotzat" jo duela Espainiako lan ituna ezartzea.
Patronalei dei egin die sindikatuak negoziazioak has ditzaten. Aurrez ere egindako mobilizazioei jarraituz, datorren astean beste bi greba egun dituzte, abenduaren 3an eta 4an.