Kritikatu ahal izateko parte hartu egin behar dela esanez eskatu du botoa Ibarretxek

Patxi Lopezek irabazi duelako "astelehenean inor damutu ez dadin" botoa EAJri emateko galdegin du Egibarrek. PSE-EEk eta PPk gehiengo osoa lortzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2009ko otsailaren 28a
12:48
Entzun
"Egiteko, parte hartu egin behar da. Herria eraikitzeko, eta kritikatu ahal izateko. Ezin da kritikatu parte hartu gabe. Ezin dira gauzak aldatu parte hartu gabe". Horrela eskatu du EAJren alde botoa emateko Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, kanpainari amaiera emateko Bilboko Casilla pabiloian eginiko mitinean. Gazteei hitz egin die bereziki, adineko jendea nagusi izan den ekitaldian eta ETBn zuzeneko konexioa egiten ari zela jakinda. Gazteria "politikatik urrun" sentitzen dela onartu du, eta horren ardura politikariena beraiena dela ere bai. "Sarritan, gure eredua ez da ona". Baina, politikariak kritikatzeko ere, agintariak "paretik kentzeko" ere, norbaitek "bultza" egin behar duela ohartarazi die.

Bihotzarekin mintzatu da Ibarretxe azken mitinean, jendearen berotasuna eskertuta. "Gauza batzuk ondo egin ditut, beste batzuk txarto. Baina beti dena eman dut herri honen alde".

Ari, ari, ari, Ibarretxe lehendakari! oihu ozenez erantzun diote entzuleek, bezperan ari, ari, ari Patxi lehendakari! entzuten zen pabiloi berean. Aurreko egunean sozialisten jarraitzaileek bete zituzten aulki guzti-guztiak bete dituzte oraingoan jeltzaleen jarraitzaileek. Gogor astindu dituzte ikurrinak, PSE-EEkoek egin bezala. Bero egon da giroa, baina ez ostegunean beste. Garaipena ospatu zuten sozialistek, eta garaipena lortzeko azken unera arte lan egin beharraz ohartarazi dute jeltzaleek. "Konbentzitu" beharraz.

"Astelehenean inor damutu ez dadin", botoa EAJri emateko deia egin du Joseba Egibar Gipuzkoako zerrendaburuak. "Alferrik da astelehenean esatea baina ez zen Ibarretxe izango? Jakin izan banu...".

"Alderdi sozialistari irabazteko", EAJren alde botoa eman behar da, Egibarren esanetan. Eta "PSE-EEk eta PPk gehiengo osoa eskuratzea saihesteko". "Gure esku dago, denon esku». Izan ere, Egibar seguru dago PPk eta PSE-EEk ituna egina dutela. EAJ Jaurlaritzatik kanporatzeko elkarri babesa emango diotela.

Bereziki berotu du jendea Gipuzkoako zerrendaburuak. Independentzia! oihu artean hartu dute agertokira igo denean. Gero, Ibarretxe hizlari zenean errepikatu diren oihuak.

Iñigo Urkullu EBBko presidentearen hizketaldia luzeagoa izan den arren, ez du horrenbesteko laudoriorik sortu. Txaloak bai, babes oihuak ere bai, baina ez Ibarretxek eta Egibarrek piztutako pasioa.

"Euskadin edo Madrilen"

Patxi Lopez garaile izanez gero PPren eskutik gobernatuko lukeela ohartarazteko erabili du hizketaldia Urkulluk. Eta erabaki gunea Madrilen egongo litzatekeela esateko. «Euskadi Estatu arazoa da PSOE eta PPrentzat». Eta, igandean, «arazoei ondoen erantzungo diena aukeratu» beharra dagoela azaldu du. "Aukera bi besterik ez daude: abertzaletasunari boza ematea, gure herriarekin konprometitua dagoenari, edo erabaki gunea Madrilen duenari ematea; Euskadin edo Madrilen erabakitzea". Ari, ari, ari, Ibarretxe lehendakari!, oihuak errepikatu dira.

Bakea behar dela esan dio Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidente eta Bizkaiko zerrendaburuak Ibarretxeri. Eta, hori, ez dela "bakarrik etortzen" adierazi dio. Eraiki egin behar dela. Lan horretan jarraitzeko galdegin dio, "ETAk eragindako sufrimendua" gaitzetsi ondoren.

"Behin eta mila aldiz saiatu behar da", erantzun du lehendakarigaiak. Eta, horretarako, guztiekin hitz egiten jarraituko duela hitz eman du. Ezker abertzalearekin ere elkarrizketatuko dela, bera gabe bakea lortzea ezinezkoa delakoan. "Akusatuen jesarlekuan egon naiz horregatik, baina lehendakari banaiz gauza bera egiten jarraituko dut".

Bi alabak aurrean dituela agindu du bakea lortzen saiatzen jarraituko duela. "Aita gisa dudan eginbeharra da alabei bakean dagoen gizartea uztea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.