[Kronologia] Militarrak agintean

2014ko ekainaren 13a
16:44
Entzun

1932an Thailandian monarkia absolutua amaitu zenetik, militarrek 19 estatu kolpe saio egin dituzte, eta, atzokoarekin, 12 aldiz hartu du agintea armadak.

1932. Prajadhipok erregea estatu kolpe bidez kargutik kendu ondoren, armadak monarkia konstituzionala ezarri zuen ekainean. Sei urtez hartu zuten herrialdearen kontrola militarrek. Gerora eginiko dozena bat estatu kolpeek 1932koa dute oinarri.

1933. Lehen ministro izendatu zuten Phraya Manopakorn. Alderdi Popularreko ordezkari zen, urtebete lehenago estatu kolpea eragin zutenen talde berekoa. Legebiltzarra desegin zuen, eta tirabirak sortu ziren alderdi barruan. Phraya kargutik kendu, eta 1932ko kolpean parte hartu zuen beste kide baten esku utzi zuten herrialdearen gidaritza.

1947. Erregeak konstituzio eta legebiltzar berriak onetsi zituen. Phin Choonhavan armadako jeneralak estatu kolpea eman eta lehen ministroa ordezkatu zuen.

1951. Beste estatu kolpe baten buru izan zen Phin Choonhavan. Huts egin arren, 1932ko konstituzioa berreskuratu zuen.

1957. Indar armatuek estatu kolpea eman zuten Sarit Thanarat jeneralaren agindupean.

1976. Gatazka giroa. Otsaileko estatu kolpean huts egin bazuten ere, militarrek agintea erdietsi zuten zortzi hilabetera. Lehen ministroa kargutik kendu zuten.

1977. Thanom Kravichie ministroak urtebete soilik zeraman karguan armadak estatu kolpea eman zuenean. Defentsa ministro ohiak agindu zuen kolpea.

1981. Thailandiako Gobernuaren indarrek militarren estatu-kolpe ahalegina zapuztu zuten.

1985. Manoon Roopkachorn jeneralak aginduriko estatu kolpea deuseztatu zuten. Hainbat militar atxilo hartu zituzten.

1991. Chatichairen gobernua baliogabe laga, eta Bakearen Kontseilu Nazionalak hartu zuen agintea.

2006. Estatu kolpea eman zuen armadak irailaren 19an. Konstituzioa indargabetu eta legebiltzarra desegin zuen. Taksim Shinawatra lehen ministroa Londresera erbesteratu zen, ustelkeriagatik bi urteko espetxe zigorra jaso aurretik. Oraintsu auzitegiek kargutik kendu duten lehen ministroaren neba da.

2014. Prayuth Chan-ocha jeneralak estatu kolpea gauzatu zuen atzo, gerra legea ezarri eta bi egunera. "Bakea eta ordena" berreskuratu nahi ditu armadak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.