2006ko urtarrila. Hamasek demokratikoki irabazi zituen Palestinako hauteskundeak, baina Israelek, AEBek eta Europako Batasunak ez zuten emaitza onartu, eta zigorrak ezarri zizkioten herrialdeari. Hamasek Zisjordanian zituen ministroak atxilotu zituen Israelek.
2006ko martxoa. Palestinako Gobernuaren aginduak betetzeari uko egin zioten Al-Fataheko buruzagiek.
2006ko abendua. Borrokaldiak hasi ziren Zisjordanian bi aldeetako ekintzaile armatuen artean.
2007ko ekaina. Dozenaka hildako eragin zituzten borrokaldien ostean, batasun gobernua desegin zuen Mahmud Abbasek. Agintea bi zatitan banatzea eragin zuen horrek: Gazan bata, Zisjordanian bestea.
2011ko apirila. Berradiskidetzea lortzeko lehen saialdia: Kairoko ituna sinatu zuten.
2012ko otsaila. Itun berria sinatu zuten Hamasek eta Al-Fatahek Dohan (Qatar). Sei asteren buruan gobernua osatzea adostu zuten, baina ez zuten indarrean jarri.
2013ko otsaila: Dohakoaren antzeko ituna sinatu zuten Kairon (Egipto). Hurrengo hilabeteetan Gazako errolda eguneratzeko baimena jaso zuen Palestinako Hauteskunde Batzordeak.
2013ko uztaila: Fatahek eta Israelgo Gobernuak bake negoziazioei ekin zieten Washingtonen, John Kerry AEBetako Estatu idazkaria bitartekari zutela. Bederatzi hilabeteko epea ipini zuten akordioa egiteko. Berme gisa, 1993 baino lehenago atxilotutako 104 preso askatzea hitzeman zuen Israelek; PANek, trukean, Tel Aviven aurka nazioarteko Justiziara ez jotzeko konpromisoa hartu zuen.
2014ko martxoa: Negoziazioak ez aurrera ez atzera zeudela-eta, Israelek jakinarazi zuen ez zuela presoen azken taldea aske utziko. PANek nazioarteko hamabost erakundetan sartzeko izapideak hasi zituen.
2014ko apirila: Batasuneko gobernua osatzeko akordioa egin zutela jakinarazi zuten Fatahek eta Hamasek. Israelek ofizialki bertan behera utzi zituen bake elkarrizketak.
2014ko ekaina: Hamasek eta Fatahek batasun nazionaleko gobernua aurkeztu zuten.