Kronologia

2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
2002ko abenduaren 17a: Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko 2002-2016ko Plan Nagusia onartu zuen (PIGRUG). Herrialdean bi-hiru errauste planta egitea zen planaren helburua.

2003ko urriaren 16a: San Marko mankomunitateak adierazi zuen San Markoko errauste planta egiteko tokirik egokiena Urnietako Erratzu poligonoa zela. Urnietako Udalbatza, aho batez, kokalekuaren kontra azaldu zen. Handik aste batzuetara, 4.000 lagunek manifestazioa egin zuten Urnietan, Arnasa plataformak deituta.

2004ko otsailaren 4a: Hondarribiko Zaldunbordako errauste plantaren proiektua aurkeztu zuten Irun, Hondarribi eta Hendaiako alkateek.

2004ko uztailaren 19a: Lekua bilatzeko hainbat azterketa egin ostean, Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Plan Nagusiko jarraipen batzordeak errauste planta Aritzetan (Donostia) egitea deliberatu zuen. Odon Elorza Donostiako alkateak ez zuen bileran parte hartu, eta EAJ eta EAren «inposizio antidemokratikoa» salatu zuen.

2006ko ekainaren 20a: Errauste planta Landarbason jartzea erabaki zuen Donostiako Udalak. Errenteria, Hernani eta Astigarragako udalak erabakiaren kontra agertu ziren.

2006ko abenduaren 29a: Errauste planta Zubietako gainetan egitea erabaki zuen Donostiako Udalak. Lasarte-Oria eta Usurbilgo udalek aho batez gaitzetsi zuten kokalekua.

2007ko martxoaren 14a: Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko partzuergoa eratzeko akordioa sinatu zuten Donostiako Udalak, Gipuzkoako Diputazioak eta herrialdeko zazpi mankomunitatek.

2007ko irailaren 5a: Errauste plantaren aurkako bi alderdik hartu zuten San Marko mankomunitateko zuzendaritza: Ezker Batuak eta ezker abertzaleak.

2008ko urriaren 13a: Errenteriako San Markoko zabortegia itxi egin zuten, 30 urte zabalik eman ostean.

2009ko martxoaren 15a: Hondakinak atez ate biltzeari ekin zioten Usurbilen. Berehala lortu zuen hondakinen %70etik gora gaika biltzea.

2010eko martxoaren 18a: Zubietako errauste planta egiten hasteko agindu zuen hondakinen partzuergoak.

2010eko apirilaren 29a: Ingurumen Baimen Bateratua eman zion Eusko Jaurlaritzak errauste plantari, argudiatuta ingurumenean eta herritarren osasunean aparteko eraginik ez zuela izango.

2010eko maiatzaren 9a: Hondakinak atez ate biltzeari ekin zion Hernanik. Handik bi astetara, Oiartzun ere hasi zen.

2010eko ekainaren 17a: Debagoieneko Mankomunitateak atez ateko bilketa egitea onartu zuen.

2010eko azaroaren 25a: Gipuzkoako Justizia Auzitegiak baliogabetu egin zuen Zubietako errauste plantaren proiektua onartzeko akordioa.

2011ko otsailaren 3a: Errauste planta finantzatzeko akordioa sinatu zuten Gipuzkoako Diputazioak eta Europako Inbertsioen Bankuak (EIB). Finantza erakundeak 195 milioi euroko mailegua eman zion diputazioari.

2011ko abenduaren 12a: Errauste plantaren proiektua sei hilabetez atzeratzea erabaki zuen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak.

2011ko otsailaren 22a: Hondakinak atez ate jasotzeko konpromisoa hartu zuten Gipuzkoako beste 34 herrik.

2012ko ekainaren 5a: Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Plan Nagusiaren berrikuspena aurkeztu zuen diputazioak: errauste plantarik eta zabortegirik gabe 2020an hondakinen %75 gaika biltzea zen planaren oinarria.

2012ko uztailaren 6a: EAJk, PSE-EEk eta PPk Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuten. Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohiak hartu zuen kargu hori handik aste batzuetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.