Kronologia

2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
BOST URTEKO BIDEA

2006ko abenduaren 14a. Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak salaketa aurkeztu zuen Baltasar Garzon epailearen aurrean, 1936ko gerran eta Francoren diktaduraren garaian 30.000 pertsona desagertu izana iker zezan. Fiskala aurka agertu zen, eta auzia ixtea eskatu zuen.

2008ko urriaren 16a. Garzonek frankismoan desagertutakoen auzia ikertzeko eskumena zuela erabaki zuen, eta desagertuen senitartekoen hainbat elkartek egindako 22 salaketa onartu zituen. Hemeretzi hilobitako gorpuak lurpetik ateratzeko agindu zuen. Hurrengo egunean, 2008ko urriaren 17an, 1936tik 1951ra bitarteko frankismoaren krimenen inguruko ikerketa auzi bilakatu zuen.

2008ko urriaren 20a. Fiskaltza ez zegoen ados Garzonekin; ez zuen uste epaileak eskumena zuenik desagertutakoen auzia ikertzeko, eta horren kontrako helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoan. Aretoak, Garzoni buruz erabaki bitartean, gorpuak lurpetik ateratzeko epaileak emandako agindua geldiarazi zuen.

2008ko azaroaren 18a. Garzonek lurralde epaitegien esku utzi zuen auzia. Autoan argi utzi zuen frankismoaren garaikoak delitu iraunkorrak zirela eta, ondorioz, orain ere ondorio juridikoak dituela horiek egin izanak.

2008ko azaroaren 28a. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak aintzat hartu zuen Fiskaltzaren helegitea, eta erabaki zuen Garzonek ez zuela auzia ikertzeko eskumenik. Garzonek Espainiako hainbat herritako eta Nafarroako epaile dekanoei eskatu zien gorpuak lurpetik ateratzeko eskumena.

2009ko maiatzaren 27a. Espainiako Auzitegi Gorenak onartu zuen eskuin muturreko Manos Limpias sindikatuak Garzonen aurka prebarikazioagatik aurkeztutako kereila. Urte bereko ekainaren 24an, Libertad e Identidad elkarteak aurkeztutakoa ere onartu zuen.

2009ko irailaren 9a. Auzitegi Goreneko epaile Luciano Varelaren aurrean deklarazioa egin zuen Garzonek, inputatu gisa. Prebarikazioa egin izana ukatu zuen. Urte bereko urriaren 1ean, Garzonen abokatuak kereila artxibatzeko eskatu zion Auzitegi Gorenari. Eskaera hori abenduaren 22an berretsi zuen.

2010eko otsailaren 4a. Varelak atzera bota zuen auzia ixteko eskaera. Hil horren 10ean, helegitea aurkeztu zuen Garzonek Varelaren autoaren aurka.

2010eko martxoaren 25a. Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak atzera bota zuen Garzonen helegitea.

2010eko maiatzaren 12a. Garzonen aurkako ahozko epaiketa hasteko agindu zuen instrukzioko epaileak, prebarikazioagatik. Hilaren 14an, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erabaki zuen Garzon behin-behinekoz kargutik kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.