gizartea

Kuartangok helegitea jarriko du 'fracking'-az galdeketa egiteko debekuaren kontra

Kuartangoko Udalak haustura hidraulikoari buruzko galdeketa egin nahi du; atzo, Espainiako Ministroen Kontseiluak hori egitea debekatu zion, energiarekin lotutako gaiak Espainiako Gobernuaren eskumena direla argudiatuta.

2013ko abuztuaren 31
16:06
Entzun

Iñaki Gillerma Kuartangoko alkateak (EAJ) udalerrian fracking-a erabili edo ez erabakitzeko herri galdeketa egin nahi du. Espainiako Gobernuak, ordea, hori egitea debekatu zion atzo, energiaren gaiak gobernuaren eskumena direla argudiatuta.

Debekuaren kontra egingo duela jakinarazi du Gillermak. Azaldu duenez, haustura hidraulikoaren galdeketa hiri antolamendurako plan nagusi berria prestatzeko prozesuaren barruan egin nahi dute, eta EAEko Lurraren Legeak horretarako eskumena ematen die udalerriei. Horregatik, Administrazioarekiko Auzien Epaitegira joko du debekuaren kontrako helegitea jartzeko.

Administrazioarekiko Auzien Epaitegian helegitea jartzea oso prozesu luzea izan daitekeela ohartarazi du —prozesuak urtebete edo bi iraun ditzake—. Horregatik, legezkoa ez izan arren, galdeketa egingo duela ziurtatu du Gillermak: “Bizilagunen interesak defenditu behar dira denaren gainetik”.

Oroitarazi du galdeketa hori egiteko udaleko zinegotzi guztien —EAJ, Bildu eta PP— oniritzia izan zuela.

Kuartango, kezkatuta

Udalerriko herritarrak kezkatuta daude fracking-aren teknikak ingurumenari eragin diezazkiokeen arriskuekin. Gas natural ez konbentzionala ustiatu nahi dute haustura hidraulikoaren bitartez, eta horretarako bost edo sei putzu egin nahi dituzte.

Gillermak jakinarazi du Kuartango “ondo zaindua” dagoela, eta mendiaren, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren inguruan lan egiten duela bereziki. Hortaz, udalerriko lurretan zer egingo den eta zertarako erabiliko diren erabakitzeko herriaren erabakia entzun behar dela berretsi du: “Ez dute Kuartangoko herria isilduko”.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.