Kukutza eraitsi nahi dutenak ustelkeriarekin lotu dituzte

Jabeek lur sail batzuen egoera juridikoa «manipulatu» zutela frogatutzat eman dute; delitua iraungita dago

Kukutzaren aldekoak goizean goiz joan ziren atzo gaztetxera, babesa agertzera. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Castroko (Kantabria, Espainia) bi alkate ohi eta hogei udal langile auzitara eramango dituen ustelkeria auzian nahastuta dago Cabisa SA, hau da, Kukutzaren jabetza duen enpresa. Gaztetxeko asanbladak atzo jakinarazi zuenez, ezingo dituzte Cabisaren jabeak epaitu, egozten zaien delitua iraungi delako, baina epaileak «ageriko irregulartasunak» aurkitu ditu enpresaren hirigintza proiektu batean. «Bilboko herritarrek jakin beharko lukete udalak ustelkeria sare batean dagoen enpresa bati lizentzia eman diola», adierazi zuten gazteek Errekaldeko eraikinaren atarian.

Construcciones Castrum Varduilex izeneko enpresaren jabetza dute Cabisako arduradunetako bik, asanbladako kideek azaldu dutenez. 2009an, Castron 150 etxebizitza eta supermerkatu bat eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zuen Castrum Varduilexek; 2010eko udan egitasmoa geldiarazi zuen Kantabriako Lurralde Auzitegiak, irregulartasunengatik.

Zehazki, etxebizitzok eraiki beharreko lur sailaren «egoera juridikoa manipulatu» egin zutela adierazi zuen epaileak. 2010eko abuztuko autoaren arabera, «ukaezina» da Castrum Vardulieuxen jabeek agiri batzuk faltsutu zituztela, «ilegalkeria bati legezko itxura emateko asmoz». Delitua, ordea, iraungita dago, 2004a baino lehen aldatu baitziren dokumentuok. «Hori da Kukutza eraitsi nahi duen jendea», esan dute asanbladako kideek.

Beraz, ez dago Castrum Varduliexeko arduradunak epaitzerik. Aldiz, Castroko bi alkate ohien eta udaleko hogei zinegotzi eta teknikariren aurkako epaiketa egingo dutela iragarri zuen auzitegiak joan den astean. Castrum Varduliexi baimenak emateagatik, prebarikazioa leporatu diete.

«Denboran aurrerago, Kukutzan berdina gertatu zela jakingo dugu?», galdetu du asanbladak. Cabisaren informazioarekin, berriro eskatu diote udalari Kukutza dagoen lur sailaren kalifikazioa alda dezan, ekipamenduetara bideratzeko. Izan ere, gogora ekarri dute Errekaldek udaltegirik gabe jarraitzen duela, auzotarrek orain 40 urte eskatu arren.

Sormenezko erresistentzia

Cabisarekin lotutako zalaparta albo batera utzita, erresistentzia aktiboan segituko du Kukutzak. Tentsio handiko orduak bizitzen ari dira Errekalden, herenegun gaztetxea husteko agindua Ertzaintzaren eskuetara heldu zela jakin zutenetik. Hain zuzen, agindu hori edozein unetan gauza zezaketela eta, herenegun arratsaldean hasi ziren Kukutzara joateko eskaera zabaltzen.

Kukutzak normal-normal hasi du ikasturtea, eta egunero hamaika jarduera ditu. «Zer egingo dute? Abisatu gabe agertu eta hemen dagoen jendea, haurrak, adinekoak, haurdunak eta auzokideak bortizki atera?». Kultura agenda handitu egin dute: atzo, adibidez, kontzertu jendetsua eman zuen Zea Mays taldeak. Bihar, Anje Duhalde izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.