Euskal Herria

Kukutzako bi gazte epaitu dituzte, desordena publikoa egitea egotzita

Ertzainek "erabateko kontraesanak" izan dituztela azaldu du Alberto Fernandez abokatuak.

urtzi urkizu
2013ko martxoaren 11
14:51
Entzun

Kukutza III gaztetxearen eraispenean izandako gertakariekin lotuta, bi gazte epaitu dituzte gaur goizean Bilboko epaitegian. Desordena publikoa leporatzen diete, eta 22 hilabeteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak. Alberto Fernandez gazteen abokatuak Berriari azaldu dionez, ertzainek "kontraesan nabariak" izan dituzte epaile aurreko kontakizunean. "Batek esan du oinez joan zirela jendea disolbatzera, eta besteak furgonan joan zirela. Gezurretan ari zirela argi gelditu da". Sententzia hilabete bateko epean emango dutela espero da.

Epaiketa hasi aurretik, Kukutzako kide ohiek elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean. Duela egun batzuk Kukutzako Elkartasun Taldea sortu zuten. Eta gaurko elkarrataratzeaz gain, datozen asteei begira hainbat ekimen jarriko dituzte martxan. Plataformako kideek asmoa dute Euskal Herriko eragile, elkarte, gaztetxe eta norbanakoekin harremanetan jartzeko, beren laguntza eta parte hartzea eskatzeko. 

Apirilaren 16an ertzain baten kontrako epaiketa izango da. Interneten dauden irudi batzuetan ikusten da nola ertzain batek ostikada bat eman zion neska bati, Ametzolako geltokiaren aurrean. "Epailea nahiko burugogor jarri zelako lortu zen erasoa egin zuen ertzaina identifikatzea", esan zion Berriari duela gutxi Iñaki Carro abokatuak. Beste prozedura batzuetan Ertzaintzak esan du ezin dela zehaztu nor den agentea, burua estalia duelako. Gaztetxea hustu zuten egunetan gutxienez 103 lagun zauritu zituztela.

Gaztetxea bota zuten egunean bertatik atera eta atxilotutako 20 lagunen aurka fiskaltzak hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du. Auzi horri helegitea jarri diote, eta baliteke urtebete edo bi urte barru izatea epaiketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.