euskal herria

Kukutzako epaiketako bi akusatuek ez zuten zaborrontzirik erre, defentsak dioenez

Alemaniako bi ikasle epaitu dituzte gaur Bilbon. Fiskalak hiru urte eta erdiko zigorra eskatu du haientzat, zaborrontzi bat erretzea egotzita. Defentsak suhiltzaileen txosten bat erakutsi du; haren arabera, akusatutakoa baino ordubete beranduago erre zen lehen zaborrontzia.

2012ko ekainaren 6a
15:37
Entzun

Alemaniako bi ikasle epaitu dituzte gaur, Bilbon, Kukutza gaztetxea hustu ostean izandako liskarretan zaborrontzi bat erretzea egotzita. Defentsako abokatuak agiri berri bat erakutsi du epaiketan, Bilboko suhiltzaileena. Haren arabera, 19:20an erre zuten lehendabiziko zaborrontzia, Diaz Enparantza kalean. Akusazioak, ordea, bi ikasleei egozten die 18:15ean erretzea zaborrontzi bat, Gordoniz kalean.

Suhiltzaileen eta akusazioaren txostenak bat ez datozen arren, Fiskaltzak zigor eskaerari eutsi dio: hiru urte eta erdiko zigorra eskatu du bi akusatuentzat. Defentsak, ordea, aske uzteko eskatu du, ez dagoelakoan froga bakar bat ere haien aurka.

Hain justu, frogatzat aurkeztu den datu bakarra bi akusatuek Iñaki Carroren telefonoa eskuan idatzia edukitzea izan dela salatu du Carrok berak, defentsako abokatuak. Herritar guztiek defentsarako eskubidea dutela azaldu du Carrok, eta ohartarazi du datu hori ezin dela erabili ezeren frogatzat.

Alemaniako Abokatu Errepublikanoen Elkartearen begiradapean egin dute epaiketa. Elkarteko kideek esan dute azken datu hori salatzeko asmoa dutela. Bizkaiko Abokatuen Elkargora gaia eramateko prest agertu da, bestalde, defentsa.

Epaiketa egin aurretik, dozenaka lagunek kalejira egin dute udaletxetik abiatuta, epaiketa salatu eta akusatuei elkartasuna adierazteko. 11:30 aldera hasi da auzia, eta 14:30 aldera bukatu. Txaloka hartu dituzte akusatuak, irten direnean.

Iazko irailaren 23an eraitsi zuten Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.