GIZARTEA

Kukutzako eraikina, eraitsia

18:15ean ekin diote Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea botatzeari. Eraikina eraisteko baimena eman du goizean epaileak, Errekaldeko auzotarren eskaerari muzin eginda. Ertzaintza jendeari oldartzen ari zaio gaur ere eta 24 lagun atxilotu ditu, eta zaurituak dozenaka dira; Errekaldeko elizan ari dira batzen. 20:00etan manifestazioa dute. Herenegun gauean atxilotutako bi lagun kartzelan sartu dituzte.

2011ko irailaren 23a
20:52
Entzun

Gaur arratsaldean hasi dira Kukutza Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea botatzen, seiak eta laurden aldera, eta zortzietarako ia dena eraitsia zuten. Gaur goizean eman du horretarako baimena Elena Galan Rodriguez de Isla Bilboko auzitegiko epaileak, udalaren eskaera aintzat hartuta eta Errekaldeko auzotarren eskaerari muzin eginda. Ondorioz, asteazkenean gaztetxearen eraistea behin-behinean geratzeko hartutako erabakia bertan behera utzi du epaileak. 

Arratsaldeko bostak aldera azaldu dira han makinak, eraikina botatzeko. Epailearen aginduz, jendeak Kukutza barrutik gauzak ateratzeko epea 18:00ean bukatu da.

Jendea oihuka ari da, makinak gaztetxea botatzen ari direla: Hemen gaude Kukutzaren alde.

Kukutzak bere Twitterrean dio Ertzaintza arratsaldean kargatzen ari dela, baita jendea atxilotzen ere. Herrizaingo Sailak esan du 24 lagun atxilotu dituela Ertzaintzak. Zaurituak dozenaka dira. Errekaldeko elizan ari dira batzen.

Auzo elkartearen mezuak

”Epaileak ez du astirik auzia izan aztertzeko, Udala izan duelako presionatzen, eraikina botatzea premiazkoa zela esaten”, esan dio BERRIAri Jose Angel Alondo Errekaldeberriz auzo elkarteko abokatuak goizean.

Elkarteko ordezkariek epailearen erabakia txarretsi dute. Auzotarrei dei egin diete "probokazioetan" ez erortzeko, eta gaztetxearen alde "modu eraikitzailean" segitzeko. Errekaldeko auzotarrek manifestaziora deitu dute gaur 20:00etarako.

Iñaki Azkuna, "jabetza pribatuaren alde"

"Epailearen erabakia jabetza pribatuaren aldekoa" izan dela esan du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, eta azpimarratu du Kukutzako eraikina "modu ilegalean okupatuta" zegoela. "Udalak jabetza pribatua defenditu beharra du".

Azkunak esan du Udalak ez duela Kukutza sustatzen ari den kultur lanaren aurka ezer. "Aitzitik, lokalen bat alokatzen badute, Udalak babesteko eta diru bat jartzeko eskaintza dute".

Ezker abertzalearen iritziz, "EAJren interes politiko eta espekulatiboei men" egin die epaileak. "Erabaki judizial honek alfonbra gorria jartzen dio irregulartasunez beteriko prozesu bati. Prozesu honetan Iñaki Azkunak ordezkaturiko EAJren erabakia gailendu da". 

Parteak atzo epailearen aurrean

Jose Angel Esnaola Errekaldeberriz auzo elkarteko abokatuak atzo zioen gaztetxea botatzeko lizentzia ez dela balekoa eta ez dela legezkoa. Esnaolak atzo epaileari esan zion lizentzia emateko prozeduran "irregulartasunak" izan direla. Besteak beste, Cabisari —eraikinaren jabetza duen enpresari— orain zortzi urte amaitu zitzaiolako lurrotan eraikitzeko epea. Bilboko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) oinarritu zen abokatua hori baieztatzeko: "Eraispen baimena baliogabea da, HAPOa urratzen duelako". Cabisak zortzi urte baino gehiagoz izan du lursailon jabetza, baina eraikitzeko eskubidea zortzi urtean gauzatu behar da. 

Bilboko Udalaren abokatuak, aldiz, eraispen baimenari jarritako helegiteak "legez kontrako helburua" duela adierazi zuen atzo. Haren ustez, errekurtsoa onartzeak eraikinaren "legez kanpoko okupazioa luzatzea" bideratuko luke. Halaber, azpiegitura ez eraisteko arrazoirik ez dagoela argudiatu zuen, ez dagoelako babestuta. 

Cabisaren ordezkariak esan du "enpresa estrategiaren barruan" dagoela "lehenago edo geroago eraikitzea".

Asteazken gauean atxilotutako bi lagun kartzelan sartu dituzte

Ertzaintzak indarrez hustu zuen gaztetxea herenegun. 31 lagun atzeman zituen, baina arratsaldean libre utzi zituzten. Gauean kontzertuaren ostean hiru lagun atxilotu zituzten udaltzainek, desordenu publikoa egotzita, eta haietako bi behin-behinean kartzelan sartu ditu epaileak gaur. Alemaniarrak dira biok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.