Kukutzaren alde eusten, ez husteko

Erresistentzia brigadak antolatu dituzte Bilboko Kukutza gaztetxean, eraikuntza enpresa batek hamahiru urte hauetan auzolanean eraikitako «sorkuntza gunea» hustu eta eraits ez dezan.

Erresistentzia jardunaldiak abiatu dituzte Kukutzan, gaztetxea babesteko. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Bilboko Kukutza gaztetxean ohikoa baino mugimendu handiagoa dago egunotan. Eraikinaren jabegoa duen enpresak hustu eta bota egin nahi duela eta, bertako gazteek erresistentzia jardunaldiak antolatu dituzte. Hilaren 16rako manifestaziora deitu dute. Bitartean, urte osoan egiten dituzten kultur ekintzekin jarraituko dute. Aritz Gardoki Kukutzako asanbladako kideak argi utzi du zein helburu duten: «Erritmo berean jarraitu, eta, era berean, erresistentzia egin».

Egun zehatzik ez dakiten arren, gaztetxea edozein unetan hustu eta eraits dezaketela diote gazteek. Izan ere, jabeak eraikuntza enpresa bati saldu dio eraikina, bertan etxebizitzak egiteko. Gaztetxea botatzeko lizentzia tramitatuta dago; orain udalari dagokio baiezkoa ematea. Prozesu hauek normalean luzeak izaten diren arren, kasu honetan bi hilabetean tramitatu dutela nabarmendu du Gardokik.

Gaztetxea botatzeko asmoaren berri izan zuten lehen unetik, Kukutzako kideak Bilboko Udalarekin harremanetan jarri ziren. Gazteek proiektua gelditzeko proposamena plazaratu zuten. Beste ekipamendurik ez duela eta Errekaldeko auzoak behar duela argudiatu zuten.

«Kukutzaren alde borrokatzea» nahi dutela dio Gardokik, «ez beste baten alde». Beste azpiegitura batzuk eskertuko lituzketen arren, ez daude Kukutza galtzeko prest. «Guk lortu dugu, auzoak eraiki du proiektu hau hamahiru urtez, eta hori ezin dute zaborretara bota».

Horregatik, eraiste arriskua dela eta, erresistentzia gunea prestatzen hasi dira gazteak. Dagoeneko 30 bat lagun ari dira guztia antolatzen, eta Bilboko beste auzo batzuetako gazteak ere bertaratu dira laguntzera. Kanpin dendak eta informazio gunea jarri dituzte gaztetxeko sarreran, eta hurrengo egunetan jende gehiago batzea espero dute. Erresistentzia kulturala ere egingo dute: kontzertu, antzerki, hitzaldi, tailer eta bideo emanaldiak antolatuz. «Urte osoan ekintza pila bat egiten ditugu, eta ez dugu horretan etsiko, hori baita gure lana», adierazi du Gardokik.

Babes zabala

Auzotarrek ez ezik, beste askok ere eman diete sostengua Kukutzako gazteei eta euren proiektuari. Unibertsitate arloan, Partehartuz demokrazia parte hartzailearen inguruko EHUko ikerketa taldeak manifestu bat kaleratu du, eta Kukutza gaztetxea «Euskal Herriko herritarren parte hartze estrategietan eredu» bihurtu dela adierazi du. Horrez gain, Kukutzak aurrera jarrai dezan, irtenbide bat bilatzera deitu dituzte instituzioak.

Elkarlanean Kukutzarentzat irtenbide bat bilatzeko asmoz, eztabaida jardunaldiak egin dituzte aste honetan. Bertan, zenbait ondorio atera zituzten: batetik, Europan emandako beste kasu batzuk ikusita, udalak badituela Kukutzari irtenbide bat emateko baliabideak, eta, bestetik, udalak bideak izan arren, proiektua auzoak berak defendatzea dela garrantzitsuena.

Auzotarren aldetik jasotzen ari diren elkartasunaren harira, auzoak Kukutza gaztetxearen garapenean izandako garrantzia azpimarratu du Gardokik. «Auzoak berak eraiki du Kukutza, bere autonomian landu duen proiektua da». Gaur egun, jende asko joaten da gaztetxera egunero-egunero. «Kolektiboki zein pertsonalki beraien ilusioak eta gogoak garatzea» nahi dute. Azken garaian, adibidez, umeentzako zirku eskolak ematen dituzte, eta, horrela, gurasoak haurren aisialdia bertan antolatzen hasi dira. «Eredu autogestionatu bat sortu dute, autonomia bultzatzen duena. Administrazioak jende askorentzako ereduak antola ditzake, baina bakoitzak berea garatzea askoz aberasgarriagoa da», Gardokiren ustez.

Hamahiru urte pasa dira Kukutza sortu zutenetik, eta urte hauetan proiektu asko garatu dira bertan. Horietako askok aurrera jarraitzen dute oraindik, «idealizatutako auzo utopikoa garatuz». Elkarlanaren bitartez «auzoaren bizitza kalitatea hobetzea» lortu dutela baieztatu du Gardokik. Hori dela eta, Kukutza eta era horretako guneak beharrezkoak direla uste du.

Hilaren 16rako manifestazio nazionala antolatu dute. Bilboko udaletxetik abiatuta, Kukutzak Errekalden jarrai dezan eskatuko dute. «Proiektu hau Errekalden mantentzea nahi dugu, eraikin honetan, eta dagoen moduan. Horrela egin da hamahiru urtean, eta ez dugu beste alternatibarik planteatzen», gaineratu du Gardokik. Geroak zer ekarriko zain, sorkuntza, kultura eta auzolana bultzatzen jarraituko dute Kukutzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.