EUSKAL PRESOAK

Kultur eragileek presoen dokumentalaren aldeko atxikimendua erakutsiko dute bihar, Donostian

Larunbat arratsaldean San Telmo museoan izango den elkartasun ekitaldiaren berri ere emango dute

2012ko uztailaren 5a
21:17
Entzun

Ehun kultur eragile inguruk sinatu dute Barrura begiratzeko leihoak film dokumentalaren egileei babesa emateko atxikimendu idazkia. Bihar jakinaraziko dute, eguerdiko 12:00etan, San Telmo Museoan egingo duten prentsaurrekoan. Ekitaldi berean emango dute presoen aldeko dokumentala babestearen zergatien eta xehetasunen berri. Gainera, larunbaterako antolatu duten elkartasun ekitaldia ere aurkeztuko dute. Gaueko 20:00etan izango da, San Telmo Museoan bertan, eta hainbat artista eta abeslarik gidatu eta girotuko dute.

Dokumentalak Irati Tobar, Jon Ugarte Zinkunegi, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Jesus Mari Zalakain eta Mikel Albisu Antza euskal presoen bizitza esperientziak jorratu ditu, bost zuzendariren ikuspegitik. Josu Martinezek, Eneko Olasagastik, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak eta Txaber Larreategik zuzendu dute filma. Baina, oztopoak izaten ari dira finantzazioa eskuratzeko; diru laguntza publikoei uko egin behar izan diete, tartean Donostiako Udalarekin hitzartua zuten 9.000 euroko diru laguntzari. Izan ere, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak finantzazio hori "Bildu legez kanpo uzteko argudio nahikoa" zela esan zuen. Norbanakoen eta hainbat enpresa batzorderen ekarpenari esker, diru laguntzekin osatzekoa zuten 40.000 euroko kopuruaren erdia bete dute, baina gainontzekoa osatzeko daukate oraindik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.