Zeinuen hizkuntza –«gure hizkuntza»– ezagutu gabe, nekez elkarrizketa daitezke Begoña San Jeronimo eta Ana Sada. Are gutxiago telefonoz. Keinuka mintzo dira, eta hitz egiten ari diren bitartean, igarri egiten dira, telefonoaren beste aldean, haien eskuak haizearen kontra higitzen, imintzioka. Besterik ez. Interpretaria behar da ezinbestean isiltasun hori komunikazio bihurtzeko. Kasu honetan, Oihana Amezketak erraztu du prozesua; entzuteko eta hitz egiteko gai da,baita zeinuen hizkuntza ulertzeko ere. Nafarroako gorren elkarte Asornako kideak dira denak. Atzo, Iruñean, propio emakume gorrak elkartzeko jardunaldia egin zuten, lehendabiziko aldiz.
«Mugak». Behin eta berriro nabarmentzen duten hitza da. Biek ondo ezagutzen dituzte gor izatearen eragozpenak, ume txikiak zirenetik baitira gorrak. Bat datoz: «Eragozpenik handiena informazio eskuratzeko zailtasunak dira; gu ez gara gertatzen diren gauza askoren inguruan enteratu ere egiten». Teknologia berriak, ate berri asko zabaltzeko giltza direla diote, baina ez nahikoa. «Mugak oraindik hor daude». Emakume gorrek, sarri askotan, gizonek baino eragozpen handiagoak izan dituztela diote. Eskolaratzeko orduan, esaterako, emakume gorrik adinekoenek gizonezkoek baino muga handiagoak izan zituztela diote, eta haien mundua maiz gainerako gorrena baino isilagoa izaten dela, eta, ondorioz, gotorragoa. «Adineko pertsonen artean, esate baterako, badira irakurtzeko orduan arazoak dituztenak».
Eskolak oroitzapen gazi-gozoak laga zizkien. Begoña San Jeronimo, adibidez, ume gorrentzako eskola batera eraman zuten. Mojak, maistra zorrotz, errietan oroitzen ditu. «Ez ziguten zeinuen hizkuntza erabiltzen uzten; eskuak ezin higitu egoten ginen». Ana Sada integrazio eskola batean ibili zen. Oraindik orain, neska-mutil gorren artean, eskolaratzeko orduan trabak handiegiak izaten direla diote, eta ezintasun gaindiezinekin egiten dutela topo maiz. «Unibertsitatera heltzen diren pertsona gorren kopurua, esate baterako, oraindik ere oso mugatua da».
Ahalmen guztien alde
Egun, haur gorren kasuan, ahal bada, dituzten ahalmen guztieierreparatu behar zaiela uste dute;ahotsarekin komunikatzeko izan dezaketen gaitasuna sustatzeaz gain, zeinuen hizkuntzan trebatzea garrantzitsua dela diote. «Hor gurasoen lana, hori lortze aldera, giltzarri da», dio Ana Sadak. Teknologia berrien laguntza, halaber, erabakigarria dela pentsatzen dute. Kokleako inplanteak, esaterako, asko ugaritu dira, eta aukera berri ugari zabaldu dizkiete neska-mutil gorrei.
Hala ere, eguneroko jardunean sarritan ikusten dute beren burua nahastuta gorrek, gor ez diren pertsonak inguruan dituztenean. «Pertsona batekin edo birekin komunikazioa ez da zaila izaten, baina gehiagorekin galduta ikusten gara maiz». Horregatik jotzen dute usu gorrek, gorrekin elkartzera, batera ibiltzera. «Erosoagoa da guretzat».
Batzen dituen kultura bereko kide ere sentitzen dira, gainera, pertsona gorrak. Horretan bat datoz, berriro ere, Begoña San Jeronimo eta Ana Sada. «Kultura propioa dugula defendatzen dugu; gure hizkuntza dugu, berezkoa, eta umore aski berezia; txantxak-eta egiteko orduan, horiek esamoldeen inguruan-eta egiten direnean, umorea oso berezia da, gurea». Hizkuntza horren aldeko aldarria egiten dute. «Gizarteak gure hizkuntzaren gaineko kontzientzia hartzea nahi dugu». Ezjakintasunaren mugekin maiz egiten dute topo. Hizkuntzaren beraren berezitasunekin ere bai. «Gurea ez da hizkuntza unibertsala». Zeinuen hizkuntzak, lekuan-lekuan, baditu bere berezitasunak; are altxor aberatsagoa bihurtzen du horrek, baina nazioarteko komunikazioa ere zaildu egiten du sarri.
Emakumea, eta gorra
Emakume gorrak elkartzeko jardunaldia antolatu zuten atzo, arazoak eta mugak emakumeen kasuan maiz nabarmenagoak izaten direla nabarmentzeko. «Zer egina franko dago oraindik alor honetan», ohartarazi du Begoña San Jeronimok. Genero indarkeriaren biktima direnean, esate baterako, andre gorrek, informazioa eskuratzeko dituzten arazo eta trabak tarteko, eragozpen handiagoak izaten dituzte. «Genero indarkeriak erasandako emakumeentzako telefonora ere, esaterako, ezin izaten dute deitu...». Bide horretan, emakumeek beren buruaren gaineko konfiantza eskuratzeari ezinbesteko deritzote. Atzoko jardunaldira, batetik, Iruñeko Itxaropenaren Telefonoko ordezkari Pedro Berastegi gonbidatu zuten. Bestetik, emakume gor bat, Marisol Serna, Madrilgo emakumeen zentro bateko ordezkaria. Sé mala (Izan gaiztoa)hitzaldia eskaini zuen. «Gaizto izatearen kontzeptua landu nahi dugu, ikuspegi baikor batetik...». Auzitan jarri nahi dute ezarritakoa, balizko aldaketak aintzakotzat hartzeko.
Lan munduan sartzeko orduan ere emakume gorrek arazo handiak izaten dituztela diote. «Andre adineko asko, esaterako, lan mundura sekulan jauzi egin ezinik geratu dira...». Mugak nabarmenak dira egun lan munduan sartu nahi duten emakumezko gorrentzat ere.Ikasketak burutu arren, traba handiak izaten dituzte praktikan. «Telefonoa erabiltzea ezinbestekoa dela esplikatzen dute, adibidez, hainbat lanpostutan;horrek jada ateak itxi egiten dizkie», dio Ana Sadak.
Gizartean, oro har, gorren berezitasunen gainean dagoen «ezezagutza» muga izugarria dela diote. «Hobera goaz, baina sufrimendu handia dago oraindik... Eta entzuten duten pertsonek erreparatu ere ez diote egiten horri guztiari». Bat datoz biak. Belarriak deus ere ez aditzeraino tapatu, eta gor nahiko lukete, istant batez, gizarte osoa. «Jendea gure lekuan jartzen ikasteko baliagarria balitz!». Administrazio publikoetako arduradunak ere, hotsik gabeko munduan nahi lituzkete une batez. Deus ere entzun ezinik. «Konturatzeko». Izan ere, kexu dira horiekin ere. «Ez digute kasurik egiten».
Ana Sada eta Begoña San Jeronimo. Asorna elkarteko kideak
«Kultura propioa dugu, eta umorea ulertzeko modu aski berezia»
Entzule izateari utzi zioten umetan; doinu bako hitzekin mintzo dira geroztik, esanahiz beterik. Andre gorren topaketa sustatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu