BERRIA jaio zela bost urte betetzen dira gaur. Egun berezia da, 2003an, Euskaldunon Egunkaria-ren itxierarekin bizitako egoera zail horretatik proiektu berria eta sendoa lortu dela ospatzeko eguna. Hala, jaialdi erraldoia antolatu dute BERRIAk eta Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) gaurko, urteurrena herritarrekin ospatzeko, Ekitaldia Donostian egin da, Kursaaleko auditorioan, eta aretoa bete egin da (ia bi mila lagun).
Eneko Olasagasti idazlea izan da ekitaldiaren aurkezlea eta hainbat ikuskizun izan dira bertan: Logela Multimedia, Anari eta Ruper Ordorika musikariak, baita Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Xabi Paya, Asier Otamendi, Xabier Silveira eta Amets Arzalluz bertsolariak, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe idazleak, Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano telebistako aurkezleak...
Harrera jendetsua aurretik
18:30etik EKT eta BERRIAko arduradunek harrera egin diete Kursaalen bertan euskal gizarteko eragile asko eta askori. Kafe bat hartu eta zerbait jan dute.
Han izan dira, besteak beste, Joseba Egibar (EAJ), Itziar Basterrika (EHAK), Jon Abril (Aralar), Mikel Izagirre (EB), Marian Beitialarrangoitia (EAE-ANV), Anjeles Iztueta (EA; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia), Ainhoa Beola (Donostiako Udala), Koldo Gorostiaga (EHko europarlamentari ohia), Jose Elorrieta (ELA), Iñigo Iruin (abokatua), Xabier Iturbe (Gipuzkoako Kutxa), Juan Mari Irigoien, Itxaro Borda, Castillo Suarez, Kirmen Uribe eta Harkaitz Cano idazleak, Anari (kantaria) ekitaldiko bertsolariak, Odile Kruzeta (Euskadi Irratia) eta Josu Juaristi (Gara) kazetariak, Xabier Mendiguren eta Mikel Arrizabalaga (Kontseilua), Paul Bilbao (Behatokia), Xabier Isasi (Gaindegia), Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Juan Mari Torrealdai (Egunkaria-ko auzipetuak), Mikel Astarloza (Euskaltel-Euskadiko txirrindularia)...
Eskerrak eta azalpenak
BERRIA kalean ikustearen alde jardun zuten ehunka herritar eta eragileren lana eskertzeko da ekitaldiak -apiriletik herriz herri egin ditu EKTk-. "Ez dugu ahaztu behar 2003an Egunkaria-ren itxieraren ondoren eta euskal gizarteak emandako laguntza eta babesari esker jarri zirela martxan EKT eta BERRIA. Proiektua posible izan da orduan ia bost milioi euroko kapitala bildu zelako, eta herriz herri egindako lanari esker bildu zen hori", azaldu zuen Joanmari Larrarte EKT Euskarazko Komunikazio Taldeko kontseilari ordezkariak ekitaldien aurkezpenean. "Jendeak bere garaian eginiko ekarpenagatik ez balitz izan, proiektu hau ez zen posible izango".
Baina eskerrak ematearekin batera, bost urteotan eginiko lana ere azaldu dute. Bai komunikazioaren alorrean, bai enpresarenean, bost urteotan eginikoa gizarteari azaltzeko baliatu dute urteurrena EKTko eta BERRIAko arduradunek. "Urteurrena bi gauza horiek egiteko aitzakia ezin hobea izan zitekeela pentsatu dugu".
Komunikabideak
Kursaal bete egin da BERRIAren 5. urtemuga ospatzeko
Jaialdi erraldoia egin da Donostian, urteurrena herritarrekin ospatzeko. Musikariak, bertsolariak, idazleak eta bestelako artistak aritu dira festan, ia bi mila lagunen aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu