Kursaaleko ikasgaia

Nazio nortasuna garapen iraunkorraren ardatz gisa aurkeztu du Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, Donostian eskainitako hitzaldian.

Pello Urzelai.
Donostia
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Urriak 25. «Egun historikoa, onerako edo txarrerako», Juan Jose Ibarretxeren hitzetan. Egun beteta, berriro, Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiarentzat. Goizean, doktore tesia aurkeztu du, arratsaldean Kursaaleko kuboa handia bete duten herritarrei hitzaldia eskaini die. Bietan, hari bera: nazio nortasunari lotutako eredu demokratikoa. Hitzaldia entzutera joandako herritarrek txalo zaparradaz hartu dute Ibarretxe, eta, hitzaldia amaitutakoan agurtu ere. Diapositiba batzuk baliatu ditu hitzak ilustratzeko, batzuk doktore tesiaren aurkezpenean erabili berriak. Urrutiko kontrolagailu batez lagunduta, harigabeko mikrofonoa erabilita,agertokian alde batetik bestera mugituz hitz egin du, ideiak eta aipuak harilkatuz. Entzuleen artean, alderdikide eta gobernukide ugari izan ditu. Xabier Arzalluz, Markel Olano, Joseba Egibar, Andoni Ortuzar, Miren Azkarate, Gabriel Inclan, Ramon Labaien, Joseba Leizaola edo Jon Azua.

«Herri baten existentzia konplexurik gabe defendatu behar dugu, hori da pentsamendu politiko modernoa, abangoardia». Mezu hori helarazi die bildutakoei, munduko pentsalari ugariren aipuen bidez. Baita Hagako Nazioarteko Auzitegiak Kosovori joan den uztailean ebatzitako epaia gogora ekarriz. Azken batean, Ibarretxeren ustez, «tokikoak mugiarazten du mundua» (local moves the world). Ildo horretan, herrien nortasuna eta herrien erabakitzeko eskubidea etorkizunaren motor gisa aurkeztu ditu. Gogoetak hobeto azaltzeko, pasadizo bat edo beste ekarri du gogora. Adibidez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin izandako azken bilerako bat. «Esan nion ea nola gai zen subirotasuna partekatzeko Groenlandiarekin edo Luxenburgorekin, eta ez Kataluniarekin edo Euskadirekin. Ez dauka erantzun erraza, eta ez zidan eman».

Herriaren lidergoaren gaia harira ekarrita, egungo egoera politikoa ere gogoan izan du. Egungo Eusko Jaurlaritzaren behin-behinekotasuna nabarmendu du, Agirre lehendakariak bere garaian egin zuen bezala, eskuina eta ezkerra batzeko kontraesana agerian utziz, eta «haustestontzien kontra jaiotzen diren gobernuak hautestontzietan hiltzen dira» esaldia gogora ekarriz. «Hauteskundeak irabazi ditugu eta gure dagokigu herriaren lidergoa, gobernutik edo oposiziotik», nabarmendu du. Madrilen aurrekontuen inguruko akordioarekin lortutakoa «lidergoa edukitzeko pauso bat» izan dela aipatu du.

Garapen iraunkorraren alde mintzatu da, lau zutabeotan oinarrituta: nortasuna, berdintasuna, berrikuntza eta parte-hartzea. Ibarretxeren ustez, eredu hori posible dela erakusten du «euskal kasuak». Autogobernua lortuta,euskal garapena honako oinarriak izan ditu: herri ikuspegia; lidergo partekatua; prestakuntza eta ekonomia errealaren aldeko apustua; gogo-berdintasuna; eta nortasuna eta berrikuntzaren arteko uztarketa. Aurrera begira, «begirada itxaropentsu bat» adierazi nahian, formula baten alde egin du: I+G+(b)+K (ikerketa, garapena, berrikuntza eta kultura). «Gure esku dago», ziur agertu da, Orixeren poema bati helduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.