Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du anisakis parasitoa duten antxoa dezente atzeman dituela. Arrain freskoetan parasito "ohiko" eta "naturala" izan arren, gizakiak ere kutsa ditzakeela jakinarazi du. Kutsatuta dauden antxoak jateak urdaileko nahasmendua, goragalea eta alergia eragin dezake.
Arazoak saiheste aldera, arretaz ibiltzeko eskatu du Jaurlaritzak, eta gomendatu du errairik edo triparik gabeko arraina erostea; bertan egoten da parasitoa. Arraina erditik irekitzea eta 60 gradura prestatzea gomendagarria dela azaldu du. "Inola ere ezin da gordinik jan". Anisakis parasitoa desagerrarazteko, arrainak hamar minutu igaro beharko lituzkete tenperatura horretan. Egun batez 20 gradu azpiko tenperaturan edukitzeak ere parasitoarekin amaituko luke.
Beharrezko neurriak hartzea galdegin du Jaurlaritzak, eta adierazi du zaintza "etengabea" hasiko duela merkatu eta jatetxeetan, kontsumitzaileak kutsa ez daitezen. Hiru aste dira antxoaren kanpaina hasi zela; dagoeneko, 4.000 tona baino gehiago harrapatu dituzte Bizkai eta Gipuzkoan.