Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, goizaldean su eman diote Ziburuko (Lapurdi) Societe Generale banketxeko kutxa automatikoari, hirurak aldera. Erabat kiskalita gelditu da, baita eraikinaren pareta ere. Gainean dagoen etxebizitzan bizi den pertsona etxetik aterarazi dute, baina eraikinaren barnean ez da kalterik izan.
"Stop CAC40, 49.3" dioen margoketa egin dute kutxa automatikoaren ondoan. CAC 40 Frantziako burtsako indize nagusia da, eta 49.3, berriz, Frantziako lan erreforma aitzina atera ahal izateko Manuel Valls ministroak erabilitako artikulua. El Khomri legearen kontrako ekintza bat izan daiteke, beraz.
Aste honetako deialdiak
Lan erreformaren kontra protesta ugari deituak dituzte aste honetarako ere. Trenbideetako langileek bihar greba eginen dute, erraterako. Lan erreformaren kontrako kolektiboak, berriz, ekintza baterako deialdia egin du asteazkenerako —oraindik ez dute deialdia zehaztu—. Ortzegunean manifestazioa eginen dute berriro, sindikatuek eta kolektiboak deituta.