'CABIECES AUZIA'

Kutxabankek ez du parte hartuko auzian

Bankuko administrazio kontseiluak erabaki du akusazio gisa ez aurkeztea. Eusko Jaurlaritzak ere ez du parte hartuko. Instrukzio fasean dago auzia, eta fiskaltzarena da akusazio bakarra.

Mikel Cabieces, erdian, epaitegira iristen, otsailaren 6an. ALFREDO ALDAI, EFE
Berria
2015eko otsailaren 25a
08:29
Entzun

Kutxabankeko administrazio kontseiluak erabaki du bankuko presidente ohi Mario Fernandezen eta Espainiako Gobernuaren ordezkari izandako Mikel Cabiecesen aurkako auzian ez aurkeztea. Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidenteak jarri zuen salaketa Bizkaiko Fiskaltzan, baina, orain, bankuaren administrazio kontseiluak erabaki du akusazioarekin ez jarraitzea —hura da balizko kaltetu nagusia—. Eusko Jaurlaritzak ere uko egin dio auzian parte hartzeari. Sortuk esana du aztertzen ari dela auzian parte hartzea beste eragile batzuekin batera. Oraingoz, akusazio bakarra dago: fiskaltzarena. Instrukzio fasean da auzia.

Gaur goizean ezohiko bilera egin du Kutxabankeko administrazio kontseiluak, auzian jarraitu ala ez erabakitzeko, bihar arteko epea jarri baitzion Ana Isabel Alvarez instrukzio epaileak.

Kutxabankeko egungo zuzendaritzak Fernandezen aurka aurkeztutako salaketa bat dago fiskaltzaren erabakiaren oinarrian. Horren arabera, Gregorio Billalabeitiaren lantaldeak 243.592 euroko irregulartasun bat atzeman du bankuaren kontuetan; hain justu, Fernandezek erakundean agintzen zuen garaikoak dira ordainketa horiek (6.000 euro hilean, gutxi gorabehera), eta ustez lotura du Cabiecesen abokatu bulegoarekin zerbitzu juridikoak emateko izenpetutako kontratu batekin. Urtarrilaren 31n, salaketa jakinarazi zen egun berean, Cabiecesek utzi egin zuen PSE-EEko zuzendaritza eta militantzia.

Fernandezek, berriz, urtarrilaren 31n komunikabideetara igorritako ohar batean azaldu zuen fiskalaren aurrean esan zuela "estatu politika" zela Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiei —2008-2012 artean aritu zen Cabieces— lana bilatzea behin ardura hori amaituta, eta ETAren aurkako borrokarekin loturiko "idatzi gabeko lege batean" oinarrituta egin zuela hori, PPko goi kargudun batek eskatuta. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.