Stop Kaleratzeak elkarteak salatu du Kutxabank EAEko bankuak jendea etxetik kaleratzen jarraitzen duela, nahiz eta azaroan horiek geratuko zituela agindu zuen. Hala, gaur goizean elkarretaratzea egin dute, Kutxak Donostian duen egoitza nagusiaren aurrean.
Bertan, Errenteriako (Gipuzkoa) emakume baten kasua salatu dute: Lorena Benitezena. Salatu dutenez, babes ofizialeko etxe batetik kaleratu nahi dute. "Auzia epaitegietan dago, Espainiako Gobernuak etxe kaleratzeak saihesteko onartutako bi dekretuen baldintzak betetzen baititut. Baina Kutxak aurrera egin nahi du kaleratzearekin. Asteazkenean bertan bota nahi izan ninduten etxetik", esan du Benitezek. Stop Kaleratzeak elkartearen babesa jaso du, eta protestaren ostean kalejira egin dute Alde Zaharreraino, egoera salatzeko.
Bilbon ere egin dute protesta. Ekitaldian omenaldia egin diote, atzo Kordoban (Espainia) hildako Stop Kaleratzeak elkarteko kide bati. Bizkaiko Stop Kaleratzeak elkarteko Marta Uriartek azaldu duenez, gizonak atzo egin zuen bere buruaz beste, etxea zorraren truke ematea onartu arren, hipotekaren kargengatik 22.000 euro eskatzen zizkiotelako. "Kutxabankekin eta Caja Badajozekin zuen kreditua. Finantza genozidio bat da gertatzen ari dena".
19:00etan Iruñean izango da bilkura, Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak deituta. Gaztelu Plazan elkartuko dira.