"Batzuk, disimuluan, iruzurretan eta gezurretan" ari dira kutxak banku fundazio bihurtzea derrigorrezkoa dela esaten dutenean, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan. Euskadi Irratian egindako adierazpenetan azaldu du Europako legeek ez dutela derrigortzen kutxak banku fundazio bihurtzea.
Frantzian eta Alemanian, adibidez, "kutxak kutxa izaten jarraitzeko beste alternatiba batzuk" lantzen ari direla gaineratu du. Bilatu beharreko eredua "kutxarena izan behar da, ez bankuarena", haren esanetan. "Eta banku bat sortzen badugu, banku nazional bat izan behar da, eta banku nazional hori ez da pribatua izan behar, publikoa baizik".
Kutxak banku fundazio bihurtzea derrigorrezkoa balitz, lau baldintza jarriko lituzke EH Bilduk. Batetik, "fundazio horietan kutxak sortu zituzten erakundeak egon beharko lirateke, Batzar Nagusien ordezkaritza proportzionala egon beharko litzateke, bazterketa barik, eta Batzar Nagusietan batzordeak sortu beharko lirateke fundazioaren kudeaketa eta kontrol publikoa bermatzeko".
Garitanoren arabera, "presazkoena" Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan "pribatizazioa gelditzea da". Gogorarazi du BBK-k eta Vitalek batzarrak dituztela datorren astelehenean, "eta lehen pauso gisa, batzar horiek bertan behera geratu beharko lirateke".
Gipuzkoako ahaldunak nabarmendu du kutxen inguruko eztabaida "ikuspegi nazional batetik" ikusten duela, eta "arazoa Gipuzkoatik atera" behar dela azpimarratu du.
Barrena: "Bilduk ez du onartuko kutxak banku fundazio bihurtzea"
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak ere hitz egin du Kutxaren inguruan. Radio Euskadin, esan du EH Bilduren jarrera dela kutxen kontrol publikoa bermatzea, kapital pribatuaren sarrera galaraziz. Haren ustez, proposamen "bideragarri" bat izango litzateke BBK eta Vital fundazio bihurtzeko prozesuak etetea eta eztabaida hiru kutxetara zabaltzea.