EAJ, PSE-EE eta PPren ezezkoarekin egin du topo Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamenak. Kutxako akzioak erakunde publikoen esku uztea proposatzen du horretan, eta EH Bilduren iritziz, horrek erakusten du koalizioak "hainbeste denboran esan eta aldarrikatu" duena "posible" dela. Koalizioaren arabera, jabetza publikoa eta izaera soziala izanda lortu dute kutxek eta Kutxabankek "orain direna izatea", eta horri eusteko, "borondate politikoa baino ez da behar".
EH Bilduk adierazi duenez, lege aldetik jada "ez dago aitzakiarik". Horregatik, oposizioaren jarrera kritikatu du, Kutxabanken jabetza "esku pribatuetan" utzi nahi duela iritzita. "Kutxabank pribatizatzea beste aukerarik ez zegoela esaten aritu diren EAJ, PP eta PSE gezurretan aritu direla erakutsi du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta egindako txosten juridikoak".
Bereziki EAJrengana zuzendu du mezua. EH Bilduren aburuz, haren esku dago "Euskal herriaren eraikuntzan beste urrats garrantzitsu bat egitea".