Jaiak larunbatean hasiko direla kontuan hartuta, La Flamenka gunea jartzeko lanak hastea erabaki zuten Donostiako Piratek, baimena oraindik esku artean izan gabe. Baimena iritsi zaiela jakinarazi dute.
Kaleratutako oharrean poza adierazi dute lortutako baimenarengatik; hala ere, azaldu dute "baimenarekin batera oso baldintza zorrotzak" ezarri dizkietela, eta gogorarazi dute "gauzak ahalik eta ongien" egingo dituztela. Oharrean, Jaurlaritzari eta administrazioei ere mintzatu zaizkie: "Argi izan behar dute herritarrei laguntzeko daudela". Onartu dute administrazioarekin elkarlanean aritu beharra dutela, "zerbitzu komunitario bat" eskaintzen dutelako jaiak antolatuz"; baina ohartarazi dute ez dutela onartuko urtetik urtera baldintza horiek "gero eta itogarriagoak izatea". Gogorarazi dute, eta berretsi, ez direla enpresa pribatu bat.
Mugimendua sortu zenetik arazoak izan dituztela eta urteotako joera zein izan den ikusita, aurreikusi dute datorren urtean ere arazoak izango direla. Baina argi esan dute "gogotsu eta indartsu" daudela aurrera egiteko.
Duela bi aste hasi ziren liskarrak, Piratek salatu zutenean Jaurlaritzak La Flamenka gunea jartzea debekatu ziela. Gasteiztik, ordea, ukatu egin zuten halakorik, eta zehaztu "baldintzak betetzea" soilik eskatu zietela. Geroztik bilera ugari egin dituzte; Piraten esanetan, "ondo batzuk, eta oso gaizki besteak". Era batera edo bestera, eskatutako dokumentazio guztia bidalita dagoela nabarmendu dute Donostiako piratek, eta eskatu dute ez jartzeko "bete ezin daitezkeen baldintza teknikoak; herritarrak gara, ez enpresa pribatuak".
Hala, Aste Nagusi Pirata aurrera ateratzeko konpromisoa berretsi eta La Flamenka gunea muntatzen hasiko zirela iragarri zuten piratek.