“Estutasun ekonomikoei eta indarkeria sexistari aurre egin behar dieten emakumeen premiazko beharrei erantzuten die” La Posada de los Abrazos elkarteak, eta horregatik emango dio Emakundek aurtengo Berdintasun Saria. Epaimahaiaren erabakia jakinarazi berri du Izaskun Landaida zuzendariak Gasteizen. 2003an sortu zen taldea, Bilboko San Frantzisko auzoan, bazterketa soziala jasaten zutenen aterpe izateko asmoz. Hamar urteotan 500 lagun inguru igaro dira elkarteak kudeatzen dituen bi etxebizitzetatik, tartean andrazko ugari. “Emakume askorentzako bizi-baldintza duinak bermatu ez dituen antolaketa sozioekonomikoa zalantzan jarri du”, aitortu du epaimahaiak.
Izan ere, “indarkeriarik eta bazterketarik gabeko bizimodu eredu baten alde” elkarteak egiten duen lana goraipatu du Emakundek: “Alternatiba bat eskaintzen du, indarkeriarik gabe eta doakotasunean, kolektibitatean, autogestioan eta espiritu kritikoan oinarritutako gizarte baten alde”. Pertsonen eta, bereziki, emakumeen ahalduntzea sustatzea ere txalotu du.
Guztira, 25 pertsona edota elkarte aurkeztu dira aurten Emakunderen Berdintasun Sarira. La Posada de los Abrazosek 14.400 euro jasoko ditu.
Berdintasuna
La Posada de los Abrazos elkarteari emango dio Emakundek aurtengo Berdintasun Saria
Gizarte bazterketaren aurka egiten du taldeak, eta arreta berezia eskaintzen die indarkeria jasandako emakumeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu