LAB: "Datuek frogatzen dute lan erreformek porrot egin dutela"

2014ko irailaren 2a
16:16
Entzun

Espainiako Enplegu Ministerioak abuztuko langabezia datuak plazaratu ondotik, erakunde, sindikatu eta alderdien erreakzioak heldu dira:

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak aitortu du abuztuko datuak ez direla "positiboak", baina nabarmendu du "joera positiboa" dela. Hala ere, datuak hobetzeko "ahaleginetan" jarraituko du Jaurlaritzak, Erkorekak azaldu duenez.

LABen ustetan, datu horiek egiaztatu dute datu makroekonomiko batzuek adieraz dezaketen "ekonomiaren susperraldi arina" ez dela islatu lanpostuen sorrera garbian. Salatu du enpleguak suntsitzen jarraitzen duela, nahiz eta behin-behineko eta aldi baterako kontratazioa hedatzen joan. Sindikatuaren arabera, horrek frogatzen du Espainiako Gobernuaren lan erreformek "porrot" egin dutela.

ELAk salatu duenez, lanik gabe dauden pertsonen egoera "gero eta prekarioagoa" da, eta uste du "bidegabea" dela gobernuek langabeak "babesik gabe" uztea. Gogorarazi du langabeen erdiek baino gehiagok ez dutela diru laguntzarik jasotzen.

EH Bildurentzat, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak urte politikoko lehen agerraldian esandakoa "ezerezean" geratu da langabezia datuen berri jakin ondoren. Koalizioaren ustetan, datu horiek "agerian" utzi dute "gizartearen gehiengoak bizi duen egoera larria". Gaineratu duenez, erakunde publikoek eta gobernuek "saltzen" duten suspertzearen argudioa "iruzurra" da: "Ez dago suspertze ekonomikorik, Lakuak aldarrikatzen duen moduan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.