LABek ere ondo hartu du ETAren erabakia, "Euskal Herrian agertoki berria zabaltzeko urrats garrantzitsua" baita. Gainera, sindikatuaren iritziz, "erabakiak ezker abertzalearen apustu politikoari bultzada erabakigarria ematen dio eta inplikatutako eragileak euren jarrerak argitzera behartzen ditu". ETAk atzo jakinarazi zuen eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakia hartua duela.
LABek uste du "Euskal Herriak behar eta eskatzen duen ziklo politikoaren aldaketa martxan" dagoela, eta prozesu hori aurrera eramateko "ardura" euskal eragile sozial, sindikal eta politikoen gain dagoela dio. "Bada garaia besteen mugimenduen zain egon gabe nork bereari ekiteko. Euskal jendarteak soluziobideak eskatzen ditu, gure etorkizuna erabakitzeko askatasuna eskatzen du, negoziazio eta akordioa eskatzen du".
Espainiako Estatuak horren denaren aurkako estrategiari eusten diola salatu du LABek.
AAMk uste du ETAren erabakia "garrantzi handiko urratsa" dela
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) arabera, ETAk atzo jakinarazitako adierazpena "eskenatoki berri bat zabaltzeko garrantzi handiko urratsa da". Azkenaldian ere pauso garrantzitsuak eman direla nabarmendu du: "Ezker abertzaleak, Zutik Euskal Herria ebazpenarekin, prozesu demokratiko bat zabaltzeko atzerabueltarik ez duen bidea aurkeztu eta konpromiso sendoak bere egin ditu. Horrez gain, nazioartean ere beste hainbat pertsona eta eragile esanguratsuk gatazka bide politiko eta demokratikoetatik konpondu ahal izateko ekarpen garrantzitsuak egin dituzte. Horiek guztiak oso baikorrak dira; konponbide demokratiko batetik gertuago jartzen gaituzte".
AAMk berak ere adierazi du "elkarrizketa politikoaren bidez eskubide ororen bermea ekarri eta gatazka politikoa gaindituko duen egoeraren aldeko lanean" jarraituko duela, eta salatu du Espainiako Estatua oztopoak jartzen ari dela, "eskenatoki berri bat irekitzeko gertakizun garrantzitsuei errepresioarekin erantzun dielako. ETAren adierazpenaren aurrean ere errepresioa gehiago iragarri du Espainiako Gobernuak. Orain arte eman diren pauso guztiak ez dira nahikoak izango estatuaren partetik gatazka bide demokratikoetatik konpondu ahal izateko inolako urratsik egin ezean".
Herritarrei dei egin die "estatuak ezarritako blokeoa gainditzeko jarrera aktiboa" izateko.
ETA-ren adierazpena. Erreakzioak
LAB: "ETAren erabakiak ezker abertzalearen apustu politikoari bultzada erabakigarria ematen dio"
Sindikatuak dio "Euskal Herrian agertoki berria zabaltzeko urrats garrantzitsua" dela. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak uste du ETAren adierazpena "garrantzi handiko urratsa" dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu