LAB: "Langabeziaren igoera erreforma antisozialen ondorio da"

2014ko martxoaren 4a
19:20
Entzun

Ekonomia sustatzeko programak berraktibatzeko "akuilu" dira langabeziaren datuak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez. Gobernu kontseiluaren ostean egin du datuen balorazioa. Baieztatu duenez, Jaurlaritzak jakinarazi zuen aurretik 2013-2014 tartea "konplexua" izango zela, eta dio otsailaren amaierako langabeziaren datuak "zailtasun ekonomikoaren testuinguruan" kokatu behar direla. 

Enplegu eta Gizarte Politiken Departamentuak, bere aldetik, erreferentzia egin dio gizarte segurantzaren afiliazioari. Urtarriletik otsailera bitartean gorakada izan du (1.620 lagun gehiago EAEn), eta dio datu horrek, "eta ziurrenik, uztailera bitartekoek", susperraldi baten hasiera erakusten duela.

Maria Isabel Garcia Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendariak positiboki baloratu du lurraldean eman den langabeziaren "jaitsiera arina": "Krisia hasi zenetik otsailero errepikatzen zen langabeziaren goranzko joerarekin hautsi du". Bosgarren hilabetez jarraian langabezian erregistratutako lagunen kopurua gutxitu izanak nabarmendu du Garciak, baina gogoratu du nafarren arazorik nagusiena langabetuen kopuru handia dela.

LAB: "Langabeziaren igoera erreforma antisozialen ondorio da"

LAB sindikatuak salatu du langabeziaren igoera "erreforma antisozialen" ondorio dela, eta horregatik, indar guztia "langabeziaren eta prekarietatearen aurka borrokatzeko" erabili behar dela. Duela bi urte azken lan erreforma indarrean sartu zenetik egoera "atsekabegarria" da sindikatuaren ustez, batez ere gazteei dagokienez. "Berreskuratze ekonomikoaren iragarpenek ez dute lanaren gorakada ekarri, ezta lan baldintzak hobetzea ere, guztiz kontrakoa baizik". Zentzu horretan, erreformak "botere ekonomikoaren eta enpresarien lantzaren punta dira", euren interesak "blindatu eta irabazien tasa handitzeko".

Ez dago ados sindikatua Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak egindako balorazioekin. "[Nafarroako Gobernuak] joeraren aldaketa bailitzan saldu nahi izan du 81 lagun gutxiago egotea langabeen zerrendan". Erkorekaren adierazpenei erantzunez, ekonomia suspertzeko neurriak "ez dira batere eraginkorrak", sindikatuaren ustez.

Horregatik, bi gobernuak "politika ekonomiko propioak" egitera deitu ditu, Hego Euskal Herriko ehun ekonomikoaren errealitatea oinarri hartuta, "enpresa handien interesen edo Madrilen egindako politiken esanetara jarri gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.