Labak terraza jartzeko baimena eskuratu du

Toki Administrazioko Zuzendaritzak ebazpen batean onartu die eskubidea, Iruñeko Udalak ukatu ziena, eta ahal bezain pronto terraza jartzeko asmoa dute.

Laba sarearen ekitaldi bat artxiboko irudian, terraza jartzekoa duten lekuan. BERRIA
mikel p ansa
2023ko abuztuaren 3a
12:01
Entzun

Laba sareak jakinarazi du eskuratu duela baimena terraza jartzeko lokalaren aitzinean, Gazteluko plazan. Urte eta erdi pasatxoko eskari, helegite eta luzapenen ostean, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendaritzak eskubidea aitortu dio elkarteari, eta jakinarazi dute horretarako «tasak ordaindu bezain pronto» izango dutela terraza muntatzeko aukera, udaltzain batek ebazpena ematerakoan jakinarazi dienez.

Iruñean euskarari eta euskal kulturari beste espazio bat emateko eta zabaltzeko sortu zuten Laba, duela bi urte. 2022ko urtarrilean areto bat zabaldu zuen Gazteluko plazan, eta ireki eta berehala eskatu zioten udalari terraza muntatzeko baimena. Udalak atzera bota zuen eskaria, eta Labak auzitegira eraman zuen kasua. 2022ko urriaren 10ean Nafarroako Administrazio Auzitegiak Labaren eskaria onetsi zuen. Udalak ez zuela sententzia betetzen ikusita, Nafarroako Gobernuari sententzia betearazteko galdegin zion auzitegiak aurtengo martxoan. Bide horren azken urratsa egin du gobernuak abuztuaren 1ean, ebazpen bat argitaratuta, eta terraza jartzeko eskubidea aitortu dio elkarteari ebazpen horretan.

Labako kideek jakinarazi dutenez, udalak berak, Laba elkarteak eta Labaren aldamenean dauden La Perla hotelak eta Windsor ostatuak ere jaso dute ebazpen hori, eta bete egin beharko dute. Windsor ostatua Labaren ondo-ondoan dago, eta badu terraza bat Gazteluko plazan, Labaren ataria ere hartzen duena. «Gaur goizean, Windsor ostatuak ez ditu bere mahaiak eta aulkiak gure terrazatik kendu», azaldu du Laba sareak ohar baten bidez, «eta afera hau zertxobait luza daitekeela aurreikusten dugu. Nolanahi ere, gure eskubidea da, eta terraza ahalik eta agudoen muntatuko dugu, euskaldun guztiei beste eremu bat eskaintzeko».

Terrazaren auzian katramilatuta urte eta erdi baino gehiago igaro izana deitoratu dute —«Iruñeko Udalaren erabaki arbitrario batengatik»—, baina kontent agertu dira, halere. Udalari aurpegiratu diote «iruindar guztien baliabideak» erabili izana prozesu judiziala ahalik eta gehien luzatzeko. «Lanean jarraituko dugu euskaldun orori euskaraz bizitzeko leku goxo bat eskaintzeko, eta euskal kultur programazio ahalik eta txukunena emateko. Laba ezkutatu dute, baina inoiz baino gehiago ikusiko gaituzte orain», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.