Labana batekin mehatxu egin die ustez gizon batek bikotekideari eta alabari

Erasotzailearengandik ihesi, senide batengana joan dira ama-alabak; gizona etxean bertan atxilotu du Ertzaintzak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Emazteari eta alabari labanaz mehatxu egin eta andreari eraso egitea egotzita, gizon bat atxilotu zuen atzo goizaldean Ertzaintzak Barakaldon (Bizkaia). Ama-alabak etxetik joan ziren, ustezko erasotzailearengandik ihesi. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Eraso saioaren berri izanda, etxebizitzara joan ziren ertzainak. Han aurkitu zuten gizona. Atxilo hartu zuten.

Gauerdian jaso zuen larrialdi deia Ertzaintzak. Bizilagun batek adierazi zuen garrasiak entzuten zituela inguruko etxebizitza batetik. Poliziak heltzerako, ordea, handik joanak ziren ama eta alaba. Etxea hankaz gora zegoela adierazi du Herrizaingo Sailak, eta soilik gizona zegoela han.

Senide baten etxean zeuden ama-alabak. Andreak ertzainei adierazi zien eztabaida izan zuela bikotekidearekin, eta eraso egin ziola. Areago, labana batekin alabari eta biei mehatxu egin ziela jakinarazi zien. Gizona, 43 urtekoa, atxilotu egin zuten poliziek.

Urruntzeko agindua hautsi du

Bilboko Udaltzaingoak beste gizon bat atxilotu du, urruntzeko agindua hautsi duelakoan. Herenegun gauean izan zen. Emakume batek deitu zien udaltzainei, eta adierazi bikotekide ohia jazartzen ari zitzaiola. Andrearengandik gutxienez 500 metro urruntzeko agindua dauka gizonak.

Emakumeak udaltzainei adierazi zienez, behin baino gehiagotan hautsi du hori gizonak; musika talde batean aritzen da andrea, eta entseatzeko erabiltzen duten lokalera joaten da bikotekide ohia. Emakumea zegoeneko kale berean atxilotu zuten udaltzainek gizona. Bilboko Udalak jakinarazi du jadanik birritan atxilotu dutela urruntzeko agindua haustegatik. 31 urte ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.