24 urteko gizonezko bat hil da Bibon. Labana batekin eraso egin zioten, atzo gauean, Bizkaiko hiriburuan, eta gaur hil da, El Correo egunkariak iturri ofizialak aipatuz argitaratu duenez. Hanka batean egin zioten zauria, eta odol asko galdu zuen. Basurtuko ospitalera eraman zuten anbulantzia batean, eta ebakuntza egin zioten. 06:00ak inguruan suspertze gela batera eraman dute, baina han hil da.
General Salazar kalean gertatu zen erasoa, Ametzola inguruan, 22:30ak inguru zirela. El Correo-k kaleratutakoa aintzat hartuta, hiru susmagarriren atzetik dabil Ertzaintza, eta horiei hilketa delitua egotziko die. Lekukoen arabera, hildakoa lurrera bota eta labana batekin eraso egin ondoren egin zuten ihes.
Hildakoak aurrekari polizialak zituen. Ertzaintzak herenegun atxilotu zuen, trasteleku batean gertatutako lapurreta batekin lotura zuelakoan, eta zenbait ordu igaro zituen atxilotuta Ertzaintzaren komisaria batean, Bilbon.