LABek gaur jakinarazi duenez, sindikatu abertzaleen batasuna berreskuratu nahi du, eta horretarako proposamena egin dio ELAri. "Batasunak, baina, estrategikoa eta egonkorra izan behar du, eta ez koiunturala", esan du Rafa Diez LABen idazkari nagusiak. ELAk ere LABekin elkarlana lortu nahi duela esan zuen lehengo astean, Nazio Batzordean; "autodeterminazioaren aldeko esparru sozial eta politikoa lantzeko beharra" azpimarratu zuen.
Langileen eskubideen alde egiteko ez ezik, arlo politiko-sozialean lan egiteko "garrantzitsua" deritzo LABek abertzaleen arteko lankidetzari. Hala, Diezen ustez, sindikatu abertzaleak "subiranotasunaren eta aldaketa sozialaren aldeko eragile bihurtu beharko lukete".
Aurreko hamarkadan ELAk eta LABek lankidetzan jardun zuten baina, Diezen iritziz, "koiuntura izaerakoa" izan zen, "interes eta osagai bereziek baldintzatutakoa". Orain, bi sindikatuen arteko "harremanak txarrak izan arren", batasuna berreskuratu egin behar dela uste du, "oinarri sendoagoekin".
Batasun horrek "progresiboa" izan beharko luke, "orekatua arlo politikoan eta sindikalean", sektore denak eta lurraldetasuna kontuan hartutakoa, eta beste sindikatuei irekia.
LABek hurrengo urteko maiatzean egingo du Kongresua (VII.a), eta Diezek gaur berriro esan du bera ez dela aurkeztuko idazkari nagusi postura. Duela hilabete batzuk BERRIA.INFO webgunean jakinarazi zuen Ainhoa Etxaide izan daitekeela bere ordezkoa; idazkari nagusiaren albokoa da gaur egun Etxaide.
"hazten" ari den sindikatutzat jo du Diezek berea, "azken hauteskunde sindikatuek hala erakusten dutelako"
LABek batasun sindikala proposatu dio ELAri, "estrategikoa eta ez koiunturala"
Rafa Diezen ustez, bi sindikatuek aurreko hamarkardan izandako elkarlana "koiuntura izaerakoa" izan zen, eta hurrengoak "oinarri sendoagoak" beharko lituzke. ELAk ere LABekin lankidetza lortu nahi duela jakinarazi berri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu