EAEko estatutu politiko berriaz abiatutako bilera sailean, EAJrekin bildu dira gaur LAB sindikatu kideak, Gasteizen. Aurrez, beste sindikatu batzuekin eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos legebiltzar taldeekin ere bildu ziren.
Gaurko bileraren ondoren, ohar bidez, sindikatuak esan du "erabakitzeko eskubidearen aitortza eta bermea estatus berriaren erdigunean jarrita, hemen bide propioa" egin behar dela, "ez baitira Madrildik etorriko herri honek behar dituen erantzunak". Sindikatuarentat, "ezinbesteko baldintza" da erabakitzeko eskubidearena, jeltzaleei adierazi dietenez.
Bide horretan, "kontsentsu zabalagoa" lortzen saiatzea "zilegi" jo duen arren, "adostasunaren izenean" edukiak ez "erlatibizatzeko" ohartarazi dio LABek EAJri.
Bileran alderdi jeltzaletik Joseba Egibar legebiltzarkidea izan da buru; LABetik, Garbiñe Aranburu idazkari nagusia.