Independentistak sareak Iruñean egin du hitzordua iganderako, Gehiengoaren nahia, independentzia lelopean. Dagoeneko Sortuk, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak bat egin dute deialdiarekin. "Langileriaren bultzada eta babesa ezinbestekoak dira nazio gisa ditugun erronkei autre egiteko". Hala adierazi dio LABek bere atxikimendua Independentistak Sareak deitutako Aberri Egunari. Herrien subiranotasun politiko, ekonomiko eta soziala "inoiz baino beharrezkoagoa" dela uste du sindikatuak, eta horregatik, "erabakitzeko eskubidea eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean" kokatu dela uste du. Egungo egoera "errotik" aldatzeko "aukera politiko bakarra" dela dio sindikatuak.
LABek gogoratu du beste urtebetez abertzaleek ez dutela guztiek elkarrekin ospatuko Aberri Eguna, eta horien arteko batasuna erabakiorra dela, hain zuzen, Euskal Herriak "herri gisa" dituen arazo eta erronkei aurre egiteko. Gizarteak hori bultzatzea litzateke gakoa: "Abertzaleen arteko akordioak posible izango dira, aliantzak lortuko dira eta indarrak metatuko dira, beti ere, gizarteak hala eskatzen badu, mobilizazioen bidez".