LABek eta ELAk Jaurlaritzari politika sozioekonomikoa aldatzeko eskatu diote

2012ko abenduaren 17a
14:36
Entzun

LAB sindikatuak salatu du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak inbestidura saioan egindako diskurtsoak ez diola egungo egoerari erantzuten, eta uste du aurreko gobernuak proposatutako neurri “berdinak” direla. “Neurri berdinekin ez gara krisitik aterako”, esan du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak gaur goizean, Donostian.

Hori horrela, “gizartearen premiak eta gehiengoaren eskaerak” aintzat hartzeko deia egin die Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari.

Krisia gainditzeko, krisi hori bera sortu duen eredu sozioekonomikoa aldatu behar dela iritzi dio LABek. Bide horretan, hiru proposamen egin dizkio Jaurlaritzari: Madrilgo gobernuaren aurrean planto egiteko, orain arteko murrizketak atzera botatzeko eta konpromiso zehatzak dituen programa bat aurkezteko —zerbitzu publikoak lehenestea, esaterako—.

ELA: “Politikak aldatzen ez badira, langabezia eta pobrezia hazi egingo dira”

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak politika ekonomiko eta sozialaren aldaketa eskatu dio Eusko Jaurlaritza berriari. “Ez bakarrik gobernuak, politikak ere aldatu behar dira. Horrela ez bada, langabeziak eta pobrezia hazi egingo dira datozen hilabeteotan”, esan du, Bilbon.

ELAren iritziz, pobrezia egoeraren ardura botere publikoena, ekonomikoena eta finantzieroena da. “Ados jarri dira justua ez den aberastasunaren banaketa ezartzeko, gizarte eta lan eskubideak murrizteko, presio fiskala jaistea ondoriotzat ekarri duen politika fiskala ezartzeko —iruzur fiskala eta errenta altuei eta kapitalari zergak jaitsiz—. Gobernuek botere ekonomiko-eta eskatutako guztia egin dute, izugarrizko funts publikoen transferentziak barne —216.000 milioi estatu espainiarrean, biztanleko 4.500 euro—”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.