Euskal presoak

LABek Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio Iñaki Igerategi preso ohia berriro onartzeko suhiltzaile postuan

Sindikatuak iragarri du eskaera ez bada onartzen mobilizazioetara deituko duela irailetik aurrera.

Aldundiko suhiltzaileak LABeko ordezkariekin batera, Gipuzkoako diputazio aurreko gaurko agerraldian. JON URBE, FOKU
2018ko uztailaren 9a
07:15
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako sei urteko kartzela eta inhabilitazio zigorra bete ostean,  suhiltzaile postura itzultzea ukatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Iñaki Igerategi euskal preso ohiari. LAB sindikatuak salatu du aldundiak langile ohiaren eskubideak "bermatu" beharrean "kale gorrian" utzi duela, eta azaldu du mobilizazioetara deituko duela irailetik aurrera. Bide juridiko eta sindikalak abiatuko ditu LABek, haren lanpostua berreskuratzeko asmoz.

2012ko otsailean atxilotu zuten Igerategi, ETArekin lotuta, eta Auzitegi Nazionalak epai irmoa ezarri zuen urte bereko martxoan. Igerategik 2015an eman zuen sarrera aldundiko erregistroan, baina, sindikatuaren arabera, diputazioak bazuen epai irmoaren berri eta ez du kontuan hartu gaion inguruko jurisprudentzia, Igerategi ez baita zigorra bete eta gero lanera itzuliko litzatekeen lehen langilea. Aldundiak "har zitekeen aukerarik txarrena" hartu duela salatu du LABek.

ETA desagertu zenez geroztik, preso eta iheslarien inguruan gehiago hitz egiten dela aipatu dute LABeko Nadet Arrizabalagak eta Jokin Zubietak. Munduko antzeko beste gatazketan haiek etxera itzuli direla eta Euskal Herrian, berriz, etxetik kanpo jarraitzen dutela salatu dute. "Etxera itzuli behar dute, lanera eta beren postuak berreskuratzera". EAJri aurrerapausorik eman ez izana egotzi diote: "Sakabanaketa amaitu nahi dutela eta presoen gaia konpontzeko irtenbide bila dabiltzala diote, baina aurkako noranzkoan jokatzea aukeratzen ari dira".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.