LAB da Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan gora egin duen sindikatu bakarra, irailaren 1etik abenduaren 31 arte egindako hauteskunde sindikaletan. Datu horietan oinarrituta, sindikatu abertzaleak espero du hauteskunde garaia amaitzen denerako, hots, martxoaren 31rako, ordezkarien %16ko muga gainditzea Hego Euskal Herrian.
LABek atzo jakinarazitako datuen arabera, irailaren 1etik abenduaren 31 arte egindako hauteskundeetan, ELAk lortu ditu ordezkari gehien, 4.138 eskuratu baititu, hots, tarte horretan aukeratutakoen %42,10. LAB izan da bigarren sindikatua, 1.851 delegaturekin, %18,83. Hirugarrena, berriz, CCOO izan da, 1.738 ordezkarirekin, %17, 68, eta laugarrena UGT, 1.335 ordezkarirekin, %13,58.
Lau hilabeteotan hauteskundeak egin dituzten enpresetan ELAk, LABek eta CCOOk gora egin dute ehunekoetan eta UGTk, aldiz, behera, lehen zeuden datuak kontuan hartuta. Hala ere, LAB izan da gehien hazi dena, %1,85 igo baita, eta CCOOri aurrea hartu dio, orain arte hori baitzen bigarren indarra enpresa horietan.
Orotara, 11.062 ordezkari aukeratu behar ziren irailaren 1etik abenduaren 31 arteko tartean. Horietatik, 9.829 baino ez dituzte aukeratu, hots, lau herrialdeetan aukeratu beharrekoen %38,6. LABeko idazkari nagusi Rafa Diez eta Jabi Garnika antolakuntza idazkariak prentsaurrekoan esan zutenez, arrazoi asko daude horren atzean. Zenbait lekutan hauteskundeak atzeratu dituzte, bozketak hauteskunde garaitik kanpo egiteko joera gero eta handiagoa baita; hainbat enpresa desagertu dira, eta beste batzuetan, sindikatuak ez dira zerrendak aurkezteko gauza izan.
ERDIAK BAINO GEHIAGO. Epe horretako hauteskundeen emaitzak kontuan hartuta, horrela zegoen Hego Euskal Herriko sindikatuen arteko indar harremana abenduaren 31n: ELA da lehenengo indarra, ordezkarien %35,85ekin, irailaren 1ean baino %0,18 gutxiago. CCOO bigarrena da, %21,05ekin -irailaren 1ean %20,83 zeukan-. Hirugarren indarra UGT da, delegatuen %17,39rekin, baina %0,66ko jaitsiera izanda. LAB, berriz, laugarren sindikatua da, %15,70ekin, baina gehien hazi den sindikatua da, irailaren 1ean ordezkari guztien %15,10 baitzituen. Nabarmentzekoa da bi sindikatu abertzaleen artean delegatuen %51, 55 biltzen dituztela, hots, erdiak baino gehiago.
Ordezkarien kopuruari erreparatuta, 4.002 delegatu zituen LABek joan den abenduaren 31n. Horietatik, 1.676 Gipuzkoari dagozkio, 1.161 Bizkaiari, 395 Arabari eta Nafarroan, berriz, 770 ordezkari ditu.
LABen igoera, esan bezala, herrialde guztietan gertatu da. Abenduaren 31ko emaitza metatuak kontuan hartuta, ehunekoetan, LABek %0,91koigoera izan du Gipuzkoan, %0,34koa Bizkaian, %0,49koa Araban eta, azkenik, %0,53koa Nafarroan.
Martxoaren 31n amaituko da hauteskunde garaia, eta espero da tarte horretan 3.326 ordezkari gehiago aukeratuko direla, ordezkari guztien %13, gutxi gorabehera. Horrek esan nahi du hauteskunde aro honetan, gehienez ere, delegatuen %60 inguru baino ez direla berrituko, eta bozketak sakabanatu eta hauteskunde arotik kanpo egiteko joera gero eta handiagoia dela Hego Euskal Herriko enpresetan.
GEHIAGO HAZTEKO «OINARRIA». Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak esan zuen datuak «onak» direla, sindikatua herrialde guztietan indartu delako eta hauteskunde aroaren bigarren fasean ere emaitza onak izateko oinarria jartzen dutelako. Une honetan 4.000 delegatu baino gehiago edukitzeak sindikatuaren «sendotasuna» erakusten du, Diazen esanetan, eta jarritako helburua, hau da, Hego Euskal Herriko ordezkarien %16 edukitzea, gertuago ikusten dute LABen orain arteko emaitzak jakin eta gero.
«LABek langileei egiten dien eskaintza, hau da, klaseko sindikatua, abertzalea eta konpromisoduna arlo soziopolitikoan zein sindikalean, indarturik ateratzen da emaitza hauekin», esan zuen Diezek.
Igoeraren arrazoiak aztertzean, Diezek esan zuen lan merkatuan sartzen diren gazteen botoei esker lortu dituela LABek emaitza horiek, eta belaunaldi berriek LABi «babesa» ematen diotela nabarmendu zuen: «Horrek esan nahi du etorkizunean ere gehiago hazteko aukera dagoela eta LABek baduela harrobia belaunaldi berrietan».
LABeko bozeramaileek ez zuten arlokako daturik eman, baina esan zuten igoera nahiko «homogeneoa» izan dela sail guztietan: «Eraikuntzan, metalean, administrazio publikoan eta beste zenbait sektoretan joera nahiko orokorra da».
Emaitzak behin-behinekoak badira ere, LABeko ordezkariek adierazi zuten nahiko fidagarriak direla, hauteskunde mahai gutxi batzuetan aurkezturiko helegiteen inguruan azken ebazpena ematea besterik ez delako falta. Egun gutxi barru, behin betiko datu ofizialak jakinaraziko direla espero dute LABeko kideek.
[email protected]
LABek gora egin du hauteskundeetan Hego Euskal Herriko herrialde guztietan
Hauteskunde aroa amaitzen denerako ordezkari guztien % 16 eskuratzea espero du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu