LAB sindikatuak Mediterranea de Catering enpresaren aurkako salaketa aurkeztuko du Lan Ikuskaritzaren aurrean. Sindikatuko kideekin batera, etxe horretan ari diren hainbat behargin agertu dira jendaurrean, eta haien lan baldintza kaskarrak eta nagusien aldetik pairatzen duten tratua salatu dituzte. "Benetako infernutzat" jo du haietako batek, Nekane Madariagak, bizi izandakoa. Urtarrilaren 17an hasi zen lanean. Bi egunez aritu eta gero, gaixo agiria eman zion medikuak, antsietatearen ondorioz. "Batere informaziorik ez digute eman gure kontratuari buruz; jende gutxi ari gara lanean, eta baldintzak kaskarrak dira. Lana ez dago ongi antolatua, eta kaosa da nagusi. Higiene baldintzak ere ez dira egokiak", azaldu du. Hamar ordu eta erdiz aritu behar izan zuen lan egin zuen bi egunetan.
Zerbitzua enpresa pribatu baten esku utzi aurretik, 161 lagun ari ziren Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeetan lanean. "Lan taldea erdira murriztuko da", erran du LABeko Berta Garciak. Egun, Bideko Ama Birjina Ospitalean 21 ari dira. Nafarroako Ospitalean eta Ubarminen otsailaren 1ean hasiko da Mediterranea de Catering lanean. "Denera 89 langile inguru ariko dira", erran du Madariagak. Argi utzi du gertatzen ari denaren errua ez dela langileena. "Beharginok %120 eman dugu; enpresako arduradunena eta Nafarroako Gobernuarena da ardura".
Berta Garciak ezagutarazi du hainbat langile kanporatu dituela enpresak azken egunotan. Pribatizazioaren atzean dagoena salatu du. "Portobello Capital arrisku kapitaleko funtsak kontrolatzen du Mediterraea de Catering. Enpresa erosteko operazioa BBVAk eta Santanderrek finantzatu zuten, bertzeak bertze. Santander da, hain zuzen ere, Nafarroako hartzekodun nagusietako bat. Banku horri egiten dio mesede, beraz, sukaldeen pribatizazioak".