LABek "larritzat" jo du sektore publikoaren egitura murrizteko plana

2013ko uztailaren 30a
18:49
Entzun

LAB sindikatuak “larritzat” jo du euskal gobernu kontseiluak sektore publikoaren egitura murrizteko gaur onartu duen plana. Izan ere, sindikatuaren ustez, lehendakari Iñigo Urkulluk "administrazioa argalduko" duela gaur adierazi arren, “aspaldi hasi zen murrizketekin".

“Eztabaidatu aurretik ari dira erabakiak hartzen, eta nahiz eta zerbitzuak mantenduko dituzten zin egin, ez dute azaldu nola egingo duten, zeren eta ezinezkoa baita egitea defendatzen duten politika fiskalarekin eta aurrekontuekin”, azaldu du ohar bidez LABek.

Era berean, sindikatuak uste du zuzendari karguen kopurua %20 urritzea “makillaje hutsa” izan daitekeela, “karguen izen aldaketa bat baino ez”. “Eusko Jaurlaritzak ez ditu zerbitzuak eta ezta enpleguak urritu behar”, gaineratu du.

“Euskal Herrian gure zerbitzu publikoak zehaztu behar ditugu, eta zehazketa hori ez da iritsiko murrizketekin, baizik eta alderantziz. Gobernuak bere sustrai politikoak aldatu behar ditu, baina ez du nahi. Zerbitzu publikoak beti sendotu eta garatu behar dira, baina are eta gehiago egoera honetan”, amaitu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.