Agerraldia egin dute gaur goizean LAB sindikatuko Gipuzkoako zahar etxeetako ordezkariek ostiralean greba egiteko deia zabaltzeko. "Nazkatuta gaude patronalek duten jarrerarekin", adierazi dute. Kontatu dutenez, urriaren 19an batu ziren negoziazio mahaian enpresekin azken aldiz, eta han jaso zuten proposamenak ez zituen ase. Aditzera eman dutenez, 2017ko eta 2018ko lan baldintzak aintzat hartzen ez dituen proposamena da, eta ez daude hori onartzeko prest, ia bi urte baitira negoziatzen hasi zirela. Patronalaren jarreraz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere kritikatu dute, eta deitoratu dute instituzio hori langileen behar eta aldarrikapenei "muzin eginda" ari dela.
Greba deialdiak bat egingo du ELA sindikatuak sektorerako deitua duenarekin. Irailean hasi zen grebak egiten ELA, eta asteon grebak dituzte urriaren 24tik 26ra. Urriaren 26an bat egingo dute bi sindikatuek protestan, baina LABeko ordezkariek argi utzi dute apartekoa dela haiek egin duten deialdia. Azken xedea zein den ere gogorarazi dute: "Herrialdeko lan hitzarmen bat lortzea". Aldarrikapenaren muinean daude honako hauek: soldata homologazioa foru administrazioen menpe dauden langileen batezbestekoarekin, kontratazio zuzen eta mugagabea, langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekide bat eratzea eta langileen prestakuntza aintzat hartzea.