Ertzaintzak Gasteizko Tuvisa autobus konpainiako gidari bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, ertzainekin izandako istiluen ondotik.
LAB sindikatuak azaldu duenez, ertzainek gidariari eraso egin zioten Zaramaga auzoan. Antza autobusak geratu behar zuen geltokian ertzainen auto bat zegoen, eta autobus gidariak autoa kentzeko eskatu zien. Sindikatuaren arabera, ertzainek ez zioten kasurik egin gidariari, eta "ibilgailutik lepotik helduta" atera zuten.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, ordea, gidariak ertzain bat jo zuen, eta horregatik atxilotu zuten. Iturri beraren arabera, atzo 17:00ak aldera Ertzaintzaren autoa geltokian aparkatuta zegoen ertzainak inguruan lanean ari ziren bitartean, eta gidariak "modu txarrean" eskatu zien autoa bertatik kentzeko.