Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak Adolfo Muñoz ELAkoari erantzun dio LABek ez duela Bildurekiko menpekotasunik eta, beraz, "arduragabe eta larritzat" jo du ELAk euskal gehiengo sindikala "bukatutzat" ematea. Muñozen sindikatuaren jarrera horrek "ez du ezertan laguntzen", Etxaideren arabera.
"Hemen arazoa ez da Bildu, gu ez baikaude haren eta beste eragile politikoen menpe, baina ezta edozein sindikaturen menpe ere, eta, agian, hori da arazoa", esan du Etxaidek gaur Donostian, LABeko ordezkarien urteko batzar nazionalean.
"Esparru instituzionalean eragile berri bat dago: Bildu. Eta Kutxabank, fiskalitatea, aurrekontuak... bezalako erabakiak hartu ditu. [Sindikatuok] Hitzartu genuen dekalogoarekin ezinezkoa da alderdi hura besteak bezala interpelatzea. Bildu erakundeetan dagoenetik, ezker abertzaleak gehiengo sindikala amortizatutzat eman du", esan zuen igandean Muñozek, eta iritzi dio "akordio politiko eta sindikal nazionala lortzea irreala" dela egun.
Etxaidek azpimarratu du bere sindikatua "herri honetako arazo politikoei eta sozialei konponbidea" aurkitu nahian dabilela, eta adierazi du bide horretan prest dagoela greba orokor bat deitzeko beste eragile batzuekin, baina uste du funtsezkoa ez dela data jartzea, baizik eta eztabaida egitea.