LABek zerga politika ausartagoa eskatu du, EBko batez besteko presio fiskala lortzeko

«Hego Euskal Herriko fiskalitatea Espainiakoaren oso antzekoa da, nahiz eta aldundiek ez onartu»

2006ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak eskari zehatzak egin dizkie Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko foru ogasunei: «iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko, zerga zuzenen pisua handitzeko eta errenta egoki birbanatzeko». Hego Euskal Herriko zerga politika aztertu berri du sindikatu abertzaleak, eta ahulgune nabarmenak topatu ditu. Hala azaldu zuten Rafa Izquierdo eta Oihan Ostolaza sindikatuko Gai Ekonomikoetako arduradunek eta Ainhoa Etxaide idazkariordeak atzo Donostian egindako agerraldian.EuskalHerriko foru ogasunek garaturiko politika fiskala fiskalitate espainiarraren oso antzekoa dela salatu, eta «zerga politika ausartago eta konprometituago» baten beharra aldarrikatu zuten, babes soziala indartzeko



ZEHARKAKO ZERGAK GORANTZ. Hego Euskal Herrian azken urteotan indarrean egon den zerga politikaren oinarriak gaitzetsi zituen Izquierdok. «Zeharkako zergetatik ahalik eta diru gehien lortzen saiatu diren bitartean, zuzeneko zergetatik lortutakoaren kopurua txikituz joan da». Aurtengo aurreikuspenak beteko balira, Hego Euskal Herrian guztira 14.267,5 milioi euro inguru jasoko liratekeela esan zuen, «%53,6 zeharkakoetatik».

1998ko datuei begirada bat emanez gero -urte hartan, Hego Euskal Herriko lau ogasunek Zerga Berezien kudeaketa beren gain hartu zuten- , ordea, zeharkako zergetatik diru gutxiago bildu zela ikus daiteke; guztiaren %51,9, alegia. «Beraz, zerga egituraren erregresibitatea areagotu egin da».

Zeharkako zergetan ordaindu beharreko tarifak berdinakdira guztientzat. Ez du pertsona bakoitzaren ahalmen ekonomikoa kontuan hartzen. Hala, diru sarrera txikiak dituztenek proportzioan errenta handiko pertsonekbaino zeharkako zerga gehiagoordaintzen dituzte, eta LABek ez deritzo zilegia.

Gainera, osobestelakoak ei dira Europako Batasuneko datuak, «soilik %33,5» jasotzen baita zeharkako zergetatik. «Nahiz eta portzentaje hori handitzea aztertzen ari den».

KALTETUENAK, LANGILEAK. Zuzeneko zergen egiturak ere kalterik handiena langileei egiten diela azaldu zuen LABeko Gai Ekonomikoetarako arduradunak, «jasotakoaren %62lan errentetatik datorrela egiaztatu baitezakegu».

Zerga zuzenen diru bilketa osoaren %27,2, berriz, «izatez» Sozietateen Gaineko Zergatik datorrela kontatu zuen Izquierdok.Baina aldundiek enpresei eskaintzen dizkien pizgarri fiskal eta hobariak medio, «Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian behar litzatekeena baino %27,3 gutxiago jasotzen da; 525,5 milioi euro gutxiago, hain justu. Nafarroan, berriz, 196,2 milioi euro gutxiago; %34,1».

Bestalde, aldundiek Sozietateen gaineko Zerga enpresak erakartzeko tresnatzat darabiltela gaitzetsi zuen Izquierdok. «Euskal zerga singularitatea deiturikoa, foru ogasunek zerga zuzenen araudian duten ahalmenaz baliatuz enpresa mozkinei eskainitako mesedezko tratuan laburbiltzen da».

Hala, eurogunean BPGren %3,1 Sozietateen gaineko Zergatik lortzen den bitartean, Hego Euskal herrian %2,3 baino ez dela eskuratzen esan zuen.

PFEZ, LANAREN GAINEKO ZERGA. LABen hitzetan, berez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga «errenta birbanatzen eta desberdintasun sozialak gutxitzen laguntzeko» zerga mota egokiena da. 2006rako PFEZren sarreren aurreikuspena aztertuz, baina,%90 soldaten gain eragindako karga fiskaletik datorrela esan zuen Etxaidek, %5 kapital errenta eta ondare hazkuntzetatik eta gainerako %5 enpresa jarduera eta jarduera profesionaletatik. «Beraz, beldurrik gabe esan dezakegu PFEZ, batez ere,lanaren gainekozerga dela, eta soldatakdirela errentaren gaineko zergaren progresibitatea jasaten dutenak».



IRUZUR LEGALA. Ogasunek nominan eginiko atxikipenen bidez lan errenten gaineko kontrol zorrotza egiten dute azaldu zuen LABeko idazkariordeak. Baina, argitu zuenez, enpresen eta profesionalen jardueretatik datozen errentak zehaztasunez kontrolatzea ia ezinezkoa da. «Hain zuzen, horrexegatik da iruzur fiskalaren gune nagusia, zergen ordainketa modu legalean saihesteko aukerak ematen baitituzte Foru Aldundiek».

Oso esanguratsuak ei dira EAEko 2002ko datuak eta Nafarroako2003koak. «Izan ere, lanetik lortutako batez besteko errendimendua jarduera ekonomikoetatik lortutakoa baino askoz handiagoa dela erakusten dute». Zerga estatistika horien arabera, hortaz, «jarduera ekonomikoetatik diru sarrerak lortzen dituzten pertsonek hobe lukete beraien negozioa itxi eta soldatapeko lan bat aurkituko balute».



EUROPAKO AZKENETAKOAK. Azkenik, zergek eragindako presio fiskalaz jardun zuen Etxaidek. «1998ko presio fiskal mantenduko balitz 560 milioi euro gehiago biltzeko aukera egongo zen aurten. Eusko Jaurlaritzak etxebizitza eta gizarte gaietarako erabiltzen duen diru kopurua baino gehiago, eta NafarroakoGobernuak ingurumen, lurralde antolamendu eta etxebizitza arloetan gastatzen duena baino gehiago».

Presio fiskala zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta eskasagoa izaten da herrialde horretako babes soziala. «Eta Euskal Herriari asko falta zaio Europako Batsuneko batez bestekora iristeko. Azkeneko postuetan gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.