EAE-ko hauteskundeak

LABen kontrako "kriminalizazio estrategia" salatu du Diezek

LAB sindikatuko koordinatzaile nagusi Rafa Diez Usabiagak gogor hitz egin du gaur prentsaurrekoan, izan ere, bere iritzian Aukera Guztiak hautesle elkartearen kontrako "lintxamenduan, faktore kutsagarritzat" erabili dute LABeko militante izatea, gainera, bide batez, LABen kontrako "kriminalizazioa" ere egin dutela salatu du. Bestalde, AG baliogabetuko balute eta Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek ez balu erantzungo, hori, "koldarkeria politikoa" izango litzatekeela azpimarratu du.

2005eko martxoaren 30a
19:37
Entzun
LAB sindikatuko zuzendaritzako hainbat kiderekin batera azaldu da Rafa Diez Usabiaga prentsaurrekoan, eta salatu duenez, AGren baliogabetze bidean, "Espainiako Auzitegi Gorenak gidoian idatzita zegoen erabakia hartu ahal izateko edozer gauzak balio izan du". Horretarako, "legez kanpoko telefono entzuketak eta espioitza politikoa" egin dituztela salatu du, gogor. Gainera, AGren alde sinadura eman zuten 30.000 lagunak aztertu izana "larria" dela dio, eta lagun horien artean, besteak beste "LABeko militantearen, Batasunako militantearen eta euskal presoen bisitara joaten direnen bila ibili direla" gaitzetsi du.

Ez zaio gustatu Ibarretxek gertaeren aurrean azaldu duen jarrera, "beste aldera begiratu eta kalkulu politikoak egiten" aritu baita. "Plantoa egin eta baldintza hauetan ezin da hauteskunde demokratikorik egin" esan behar zuen Jaurlaritzako lehendakariak sindikatuaren aburuz. Galdera andana bota dio gero: "Ze kalkulu egin behar ditugu inkisizio politikoa jasaten ari garen herritarrok? Nork defendatu behar gaitu gu? Zertarako zaude zu Ibarretxe jauna?".

"Ikuskizun penagarria" eman dela azpimarratu du, eta Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok "PPren herentzia kudeatzen" jarraitzen duela salatu. "Froga pasatu ez dutenak ez dira AG eta Batasunak, hori Espainiako Gobernua da". LABen ustez, AGren inguruan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartzen duen azken erabakia, PSOEren jarrera ikusteko "termometroa" da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.