Labi aholku batzordea astelehenean bilduko da neurriez eztabaidatzeko

Egungo neurriei hilabetea amaitu arte eusteko gomendioa eman du Labi teknikoak, Sagarduiren hitzetan. 

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko abuztuaren 26a
13:05
Entzun

Astelehenean bilduko da Eusko Jaurlaritzako Labi aholku batzordea, beste neurri batzuk hartu edo egungoak moldatu erabakitzeko, «Bizi Berri IV planak eta COVID-19aren pandemiaren kudeaketarako neurrien legeak dituzten irizpideei jarraituz», jakinarazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Labi aholku batzorde teknikoa bildu eta ondorengo prentsaurrekoan. Sagarduik azaldu du batzorde teknikoak abuztuaren bukaerara arte egungo neurriak mantentzeko aholkua eman duela, eta, egoerak hobera egiten jarraituz gero, neurriak berrikustekoa irailean.

«Aldaketa esanguratsuak egon dira bilakaera epidemiologikoaren adierazleetan uztailaren amaieratik: azken olatuaren puntu gorenetik», horrela azaldu du egungo egoera epidemiologikoaren bilakaera Sagarduik. Izan ere, ordutik hona kutsatzeek eta intzidentziak beherakada nabarmena izan dute: erdira jaitsi dira Osakidetzak eta Osasunbidek atzemandako datuak. «Ondo goaz; halere, joeraren aldaketak ez du islarik izan ospitaleetako okupazioan edo ZIUetan», gehitu du Sagarduik.

Hain zuzen ere, horregatik, batzorde teknikoak hiru helburu zehaztu ditu bilakaera epidemiologikoaren aldagai guztiak hobetu direla bermatzeko, eta neurriak moldatu ahal izateko: kurba epidemiologikoaren joera beheranzkoa izatea aurrerantzean ere, birusaren aldaera berriak kontrolpean izatea, eta txertaketa ahalik eta hedatuenik egotea, biztanle guztien immunizazioa helburu.

Horren harira, Sagarduik «ahalik eta jende gehienari» zabaldu dio txertoaren ordua hartzeko deia. Izan ere, ohartarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %56k txertoaren pauta bukatu gabe dutela ikasturtea hastear dagoen honetan; horregatik, Osasun Sailak ordurik edo txertorik hartu ez duten 12-24 urte bitarteko gazteei SMSak bidali dizkiela jakinarazi du. Irailaren 13ra arte 74.000 ordu libre baino gehiago daudela gogorarazi die, eta azaldu du Jaurlaritzaren helburua biztanleen %100 txertatzea dela, «dosiak eskuragarri dauden bitartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.