Labik indarrean dauden neurriei eutsiko die, egoera ez delako aski hobetu

Asteburu honetatik aurrera egon daitezkeen ez-jaiekin kezka agertu du, «interakzio sozial arriskutsuen» ondorioz agerraldiak areagotu daitezkeelako.

Jendea Gasteizko Alde Zaharrean, joan den astean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2021eko abuztuaren 12a
12:07
Entzun

Hilaren 5an batzartu zen, azkenekoz, Labiren Batzorde zientifiko-teknikoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoa aztertzeko, eta gaur berriro egin du bilera. Komunikabideei igorri die oharra gero, hartutako erabakien berri emateko. Funtsean, Labik erabaki du uztailaren 22tik indarrean diren neurri murriztaileak bere horretan mantentzea, inolako aldaketarik gabe. Bi arrazoirekin argudiatu du erabakia. Batetik, egoera epidemiologikoa ez delako aski hobetu, nahiz eta hamalau eguneko intzidentzia tasa apur bat apaldu den uztailaren 22tik (682 kasukoa zen orduan, eta 603koa da orain). Ordea, ospitaletako eta ZIUetako oheen okupazioa handia da oraindik: uztailaren 22an, 48 gaixo ziren ZIUetan, eta, orain, 64 dira.

Labik ohartarazi du garai honetan udalerri askotan jaiak ospatuko ez badira ere aurreikus daitekeela bilkura eta «interakzio sozial arriskutsuak» egongo direla, eta horrek birusaren agerraldiak izateko arriskua areagotuko duela. «Kezkatzekoa» da hori, Labiren ustez. «Ezin ahaztu infekzioak, gaixotasuna, ospitaleetako okupazioa, ZIUetako ospitaleratzeak eta heriotzak ekarriko lituzketen agerraldiak direla», azpimarratu du.

Hori hala, Labiren batzorde teknikoak erakundeetako ordezkariei eskatu diete herritarrak deitzeko «kontuz ibiltzera» bai asteburu honetan eta bai abuztu osoan, berriro agerraldirik izan ez dadin. «Tentsioa, konpromisoa eta erantzukizuna mantendu behar dira, batez ere maskararen erabileran, segurtasuneko distantziari eustean eta edozein motatako jende pilaketak saihestuz, barrualdean zein kanpoaldean». Era berean, funtsezkotzat jo du herritarrak txertatzen jarraitzea, aztarnarien lanarekin kolaboratzea, eta bakartzeak eta berrogeialdiak zorrotz betetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.